Bedelkarreko merkatariak pozik jende asko ibili delako azokan

Mirari Altube Arrese 2009ko urr. 4a, 16:22

Bedelkar merkatarien elkarteko dendek kalera atera dituzte euren produktuak aste bukaeran. Bergarako 17 merkatarik hartu dute parte pilotalekuan jarritako azokan eta denboraldiko produkturik onenak erakutsi eta saldu dituzte bi egunetan. Merezi duela azoka antolatzeak adierazi dute merkatariek eta herritarrak ere pozik azaldu dira.

Beste azoka batzuk ez bezala denboraldiko produktuak erakustea du helburu Bergaran bigarren aldiz antolatutako azokak, hau da, udazken-neguko produktuak: arropak, bitxiak, landareak, oinetakoak… Erosi gura izan duenari, gainera, merkeago eskaini dizkiote, %10 merkeago.

 

Herritar asko ibili da azokan bi egunotan –zapatuan egun guztian eta atzo eguerdira bitartean– eta gustura hartu dute halako ekimena: "Oso txukun jarri dute eta ekarri dituzten produktuak benetan politak dira. Erosteko gogoa ematen du", azaldu du erosle batek. Gainera, herria animatu egiten dutela halako ekimenek esan du batek baino gehiagok.

Kanpotik etorritako erosleak

Azokan postua jarritako merkatariak ere pozik daude: "Lan handia da dendatik hona produktuak ekartzea, baina merezi izan du. Gainera, aurten bi egunetarako antolatuta gusturago etorri gara", diosku Jolas opari dendako Marije Olabarriak.

Bedelkarreko presidente Maria Eugenia Igartza ere pozik azaldu da azokaren jardunarekin. Onartu du iaz baino postu gutxiago egon direla, eta igual, jende gutxitxoago ere bai. "Baina herrikoekin batera Antzuolatik eta Oñatitik etorritakoak ibili dira eta eskerrak eman gura dizkiegu guztiei". Azokarekin gustura bukatu dute, eta merezi duela halakoak antolatzea ondorioztatu dute merkatariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak