Bedelkarko dendek azoka egingo dute zapatu eta domekan Udal Pilotalekuan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko ira. 30a, 19:47
Zapatuan egun osoz eta domekan goizetik egongo da zabalik azoka. 17 dendak hartuko dute parte eta denboraldiko gaiak salduko dituzte; baita deskontuak egin ere

Bedelkar dendarien elkarteko dendek azoka egingo dute aste bukaeran. Bihar, zapatua, eta etzi, domeka, egingo dute, Udal Pilotalekuan. Bihar, egun osoan egongo da zabalik, 10:00-20:00 ordutegian eta domekan, berriz, goizetik, 10:30-14:00 ordutegian.
Iaz egin zuten Bedelkarko dendek halako azoka lehenengoz. Orduan egun bakarrekoa izan zen eta aurten, berriz, bi egunekoa izango da: "Iazkoa oso ondo joan zen eta horregatik erabaki dugu, besteak beste, egun bat luzatzea. Herritarren artean harrera ona izan zuen", dio Maria Eugenia Igartzak, Bedelkarko presidenteak. Bestalde, lanari etekina atera behar zaiola ere aitortu du: "Lan handia da azoka antolatzea, eta behin lan hori hartuta, bada, behintzat bi egunekoa egitea merezi du".
Dendarien asmo nagusia da daukaten generoa erakustea; izan ere, "saltzeko modurik onena erakustea" dela konbentzituta daude Bedelkarko dendariak. Horrekin batera, erakutsi nahi diete herritarrei "Bergarako komertzioa bizirik dagoela; gogoa dugula gauzak egiteko eta lanerako prest gaudela. Komertzioa bizirik badago, herria ere bizirik dago", gehitu du Igartzak.

Denboraldiko gaiak

Azokan 17 denda egongo dira: jantzi-dendak, burdindegiak, lore-dendak, etxetresna etxeak, mertzeriak, zapata-dendak eta osagarri dendak, hain justu. Eta salduko dituzte denboraldiko produktuak. Gainera, deskontuak ere egingo dituztela aurreratu dute dendarien elkartetik: "Deskontuak egingo dira, baina dendari bakoitzak erabakiko du zenbateko deskontua egingo duen, argitu du Maria Eugenia Igartzak.
Udal Pilotalekuko kantxan egokituko dute azoka. Denda bakoitzak bere erakusmahaia izango du eta bakoitza arduratuko da hura atontzeaz.
Bestetik, azokaren osagarri moduan musika emanaldiak ere egongo dira. Hain justu ere, Musika Eskolako Txaranga Gazteak, Trikitixa Taldeak eta Haizeka orkestrak egingo dute emanaldia. Emanaldiok izango dira pilotaleku barruan, baina baita kalean ere. Horrekin guztiaren batera, haurrendako puzgarriak jarriko dituzte Fraiskozuri plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak