Beart elkarteak erakusketa eta azoka egingo du abenduaren 14an

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko aza. 28a, 12:38
Erakusketa berezia jarriko dute Beart elkarteko kideek datorren abenduaren 14an. Domingo Irala kalean, elkarteko kideen lanen erakusketa jarriko dute; eta, gainera salgai egongo dira lanok. Hau da, erakusketaz gain azoka ere izango da.

Aspalditik zeukaten ideia dela azaldu digu Maite Azkargorta Beart elkarteko kideak: “Orain arte ez dugu izan aukerarik horrelako ezer egiteko, baina aspalditik geneukan buruan erakusketa azoka egiteko ideia. Helburua, guk egiten dugun lana jendeari zabaltzea izango da, herritar guztiengana heltzea”.

Horrelako zerbait egiten duten lehenengo aldia

Hala, Beart elkarteko kideek horrelako ekimen bat herriko kaleetan egiten duten lehenengo aldia izango da.

Elkarteak 58 lagun ditu

Beart elkarteak 58 lagun ditu gaur egun; baina, erakusketan, gutxi gora behera 20 artisten lanak egongo dira. Denetariko lanak egongo direla azaldu digu Azkargortak: “Era askotako margolanak izango dira: oleoa, akrilikoa, akuarela...”. Hainbat mahai jarriko dituzte margolanak erakusteko, eta baita kaballeteak ere. Domingo Irala kalean izango da erakusketa; eta, eguraldi txarra eginez gero, San Martin plazako arkupetan izango da. Margolanen prezioa erosleak eta margolariak adostuko dute.

1995ean sortutako elkartea

Bolu auzoan dute egoitza eta Pili Azkarate da elkarteko presidentea. Gainera, blog bat sortu dute pinturaren gaineko eztabaida eta albisteak sortzeko: www.beartelkartea.blogspot.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak