Basoaren Astean pagadiari egingo diote arreta berezia aurten

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko ots. 27a, 10:43
Udaleko Ingurumen batzordeak Basoaren Astea antolatu du. Etzi, domeka, hasi eta martxoaren 7ra arte askotariko ekitaldiak egongo dira. Basoaren Asteak urteroko hitzorduak eta berrikuntzak ere izango ditu, guztiak ideia beraren bueltan antolatutakoak: "Ingurumenarekiko sentsibilizazioa bultzatzea", Mikel Etxaniz Ingurumen zinegotziaren esanetan. Urteroko hitzorduei dagokienez, martxoaren 7an, zapatua, egingo dira Zuhaitz Egunaren barruan feria eta landaketa. Eta egun berean zuhaitz azoka ere egongo da. San Martin plazan 15 bat saltzaile batuko dira.

Pago landaketa

Pagoa da aurten landatuko den espeziea. Gorlan egingo da landaketa, Askagainen. 17.000 metro koadroko lursailean 1.400 pago eta pagadia osatzen duten beste 350 landare –gorostia, erratza, hagina...– landatuko dituzte. Hain justu, martxoaren 7an egingo da landaketa sinbolikoa. 09:30ean abiatuko da autobusa Ibargaraiko geltokitik eta bertaratzen diren guztiek ogitartekoa izango dute hamarretakoa egiteko. 80 bat zuhaitz landatuko dituzte.

Pagadiaren balio ekologikoari dagokionez, berriz, handia da; ez bakarrik landa-retzaren aldetik, baita animalien aldetik ere.

Usondo parkearen gaineko liburua 

Berrikuntza gisa, Usondoko parkeko zuhaitz eta zuhaixkak delako liburuxka kaleratu du Ingurumen batzordeak. Maitane Arizabaleta bergararrak egindako lana da, eta, egileak aurkezpenean azaldu zuen moduan, 34 espezie batu ditu, bakoitzaren azalpen, irudi, erabilpen eta hainbat bitxikeriarekin, guztia oso modu didaktikoan.

Liburuxka eskuratu ahal izango da Turismo Bulegoan eta ikastetxeetan ere banatuko dute. Bestalde, Usondon bisita gidatuak ere egingo dituzte.

Landaretzaren azterketa 

Bergarako landaretza eta paisaiaren ikerketaren ondorioak delako lana jaso berri du Udalak. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskoiker Fundazioak egin du, eta, herriko landaretzaren gaineko azterketa sakona egiteaz gain, kontserbaziorako proposamenak ere ematen ditu, Naiara Corcuera Ingurumen teknikariak azaldutako moduan. Gehitu zuenez, herriko landaretza "oso aberatsa baina ezezaguna ere bada. Lan horrekin sentsibilizazioa jorratzeaz gain, balioko digu kontserbaziorako; esaterako, herriko gune baten lanak egin behar direnean, jakingo dugu nola jokatu".

Ekitaldien egitaraua

Martxoak 1, domeka
18:00: Gazteendako Ni basatia naiz bideo emanaldia     Zabalotegin.

Martxoak 3, martitzena
19:00: Javier Loidi EHUko katedradunak egingo du Bergarako landaretza eta paisaiaren ikerketaren ondorioak delako hitzaldia, kultura etxean.

Martxoak 5, eguena
Usondo parkeko zuhaiztia ezagutzeko bisita gidatuak.

Martxoak 7, zapatua
09:00: Ordu horretan hasita zuhaitz feria egongo da San Martin plazan. Landare erakusketa eta salmenta    
izango dira.
09:30: Zuhaitz Egunaren barruan, Gorlan pagoak landatuko dituzte. Ibargaraiko geltokitik abiatuko da autobusa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak