Barazki, fruta eta gazta lehiaketetako lehen sariak Debagoienean geratu dira

Edurne Burgaña 2007ko ira. 10a, 10:51
Fruta, barazki eta gazta azoka egin zuten zapatuan Bergaran. Baserritarren lana bultzatzea helburu du feriak, baina lehiaketa ere egiten dute. Barazki lehiaketan, hamaika ekoizlek parte hartu zuten; frutari dagokionez, bostek, eta Idiazabal izendapendun 47 gaztagilek izena eman bazuten ere, sarien aurkezleak azaldu zuenez, 34 aritu ziren lehian, horietatik bost debagoiendarrak, eta bakarra herrikoa. Epaimahaiaren iritziz, barazki eta fruta onenak Antzuolako baserri bik dute, eta gazta onena, berriz, Oñatin egindakoa da.

Poltsikoari begira

Plazan jarri zituzten barazki eta fruta postuak, osoko bilkuren aretoan gaztak eta Seminarioan denetariko postuak. Guztira 112 postu jarri zituzten, eta horietatik 16 Debagoieneko ekoizleak izan ziren. Hamabik hartu zuten parte lehiaketan, eta gainerako laurek postuak ipini zituzten.

Eguna hasi zuenean fresko egiten bazuen ere, orduak aurrera joan ahala, eta batez ere eguerdi partean, eguzkiak gogor jo zuen. "Aurreko urteetan baino gauza gutxiago eta jende gutxiago" zebilela zioten postuak ikusten zeuden herritar batzuek. Baina kontuak kontu, azkenerako, jendea animatzen hasi zen.

Hala ere, oporrean ostean poltsikora begira gaudela azaldu zuen postuetako baten zegoenak: "Opor bueltan, diruari begira gaude, eta gauza asko ikusi arren, erosi, ez dute askorik erosi", azaldu zuen.
Azokaz gain, trikitilarien kalejira eta odoloste-dastatzea egon ziren goizean.

Arratsaldean, ostera, gaztetxoen txanda izan zen. Zezentxoak eta poniak egon ziren plazan, eta Jardun elkarteak antolatutako jolasak eta tailerrak Munibe plazan.

Lehiaketan sarituak

Barazki lehiaketa

1. Tomas Larrañaga.
Lapatza baserria. Antzuola.

2. Esosi Etxeberria.
Arrizaga  baserria. Soraluze.

3. Santos Duñabeitia.
Bolungarai baserria. Berriz.

Fruta lehiaketa
1. Kontxita Izagirre.
Bidaurre baserria. Antzuola.

2. Urtza Sarrionandia.
Elejalde 61. Igorre.

3. Maria Angeles Duñabeitia.
Bolungarai baserria. Berriz.

Gazta lehiaketa
1. Nestor Altzelai.
Aldai baserria. Oñati.

2. Jesus Ansola.
Mausitxa   baserria. Elgoibar.

3. Jose Ramon Arrieta.
Pikulitxa baserria. Antzuola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak