Banatu dituzte Amodiozko gutunen XVI. lehiaketako sariak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko otsailaren 19a

Astelehenean banatu zituzten Bergarako kultura etxean Amodiozko gutunen XVI. lehiaketako sariak. Ekitaldi xumea izan zen; Kultura etxeko aretoan 20 pertsona inguru batu ziren. Han zeuden, besteak beste, Jardun euskara elkarteko kideez gain, aurtengo lehiaketako irabazleak.

Jarduneko gazte taldeko Marina Retolaza eta Ainhoa Narbaizak aurkeztu zuten ekitaldia. Lehenengo, irakurle gazteek 26 urtetik beherako onenari emandako saria eman zioten Josu Gonzalez bergararrari (100 euro). Errutina eta inkomunikazioaren erruz gainbehera doan harremana salbatzeko asmoz idatzitako gutuna da Gonzalezena. Epaimahaiaren esanetan, gutun polita eta sentimenduz betea da.

Gero, SMS bidezko VI. Maitasun mezuen lehiaketako irabazlea saritu zuten (90 euro). Eskoriatzako Ibon Segurak idatzitako “Elurrak t izotzak 1 egitean ez dago giroa brotzerik;buruak t bihotzak 1 egin dutnean ez dago zuganako maitsuna hozterik”. Epaimahai gaztea Bergarako ikasleek osatu zuten: Olatz Etxeberriak, Idoia Larrañagak, Maitane Montielek eta Irati Alberdik.

Bergarar onena

Bergarar onenaren saria Iraitz Salegik eskuratu zuen (150 euro). Epaimahaiaren iritziz, ondo idatzitako eta girotutako gutuna da bergararrarena. Salegik adierazi zigunez, "Lehenengo aldia da lehiaketa batean parte hartzen dudana. Azkeneko egunean burura etorri zitzaidana idatzi nuen eta, egia esan, harritu egin nau bergarar onenaren saria irabaztea", esan zigun 17 urteko bergarar gazteak. Aurrera begira, idazten jarraitzeko asmoa ere azaldu zuen Salegik.

Azkenik lehenengo eta bigarren saria banatzeko ordua iritsi zen. Bigarren saria Karlos Aizpurua oiartzuarrak eroan zuen (250 euro). Aizpuruaren gutunaren argumentua ondokoa da: Nikok Tinaren gutuna jasotzen du. Bertan banaketaren arrazoia azaltzen dio haurdun dagoen Tinak. Hilabete batzuetako kontua izango dela adierazten dio, haurra jaio artekoa. Elkar ezagutu zuteneko eguna gogoan dauka Tinak, elkarrekin bizitakoak ezin ditu ahaztu; halere, aurrera egin beharra dauka, haurraren hobe beharrez. Epaimahaiak oso orijinaltzat jo zuen gutuna. Tabakoa da protagonista, nikotina. Konparaketa politak egiten ditu. Maitasuna ere beste mendekotasun bat dela uler daiteke gutun hau irakurri ostean.

Alaitz Sarasola, irabazlea

Alaitz Sarasola ordiziarrak Oier Bolibar Jarduneko kidearen eskutik jaso zuen gutun onenaren saria (500 euro). Sarasolak 2005. urtean ere irabazi zuen lehiaketa. Aurten, Gaizkak bere emazteari idatzitako gutuna ekarri du ordiziarrak. Bere haurren ama ez ezik bere maitalea ere izatea nahiko luke Gaizkak, sasoi bateko desioa  berpiztuz. Aitatasunaren gazi-gezak agerian jartzen ditu Gaizkak bere gutunean. Epaimahaikideen iritziz, oso ondo idatzitako gutuna, naturala, freskoa eta sinesgarria da. Hitz jokoetan aberatsa. Jorratu duen gaiaren ikuspuntua ez da ohikoa idatzietan eta hori baloratu dute

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak