Bainuetxea ekainaren 9an zabalduko dute eta berdegunea, 16an

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko ekainaren 1a

Kirol txartela Bergaran atera dutenek bakarrik erabili ahal izango dute Agorrosingo bainuetxea.

Agorrosingo bainuetxea ekainaren 9an zabalduko dute. Jarri dituzten saunak, ur putzuak, txorrotak eta dutxak probatu dituzte, eta ingurua garbitzea eta txukuntzea baino ez zaie falta.

50 pertsonarentzako lekua
Guztira 50 pertsona egon daitezke batera bainuetxean eta Agorrosingo sarreratik sartu ahal izango da barrura; igerilekutik ez da sarbiderik egongo. "Bi arrazoi nagusi hauengatik: barruko aforoa kontrolatzea askoz zailagoa izango delako horrela eta kirol txartela Bergaran atera dutenek izango dutelako bakarrik bainuetxea erabiltzeko aukera. Txartel mankomunatua dutenak ezingo dira sartu", azaldu du Unai Asurmendik, Kirol teknikariak.

Bainuetxeko aldagelak pasa eta gero, eremu lehorra, bustia eta atseden eremuak daude. Hiru eremuen artean, lau dutxa dauden plaza txiki bat dago. Dutxa bakoitzak gorputzeko atal batera botatzen du ura eta derrigorrezkoa izango da dutxatzea eremu batetik bestera pasatzeko. Eremu lehorrean, esaterako, sauna lehorra, hezea eta hotza daude; atseden gunean etzanda egoteko eserlekuak egongo dira eta eremu bustian, bi ur putzu: bat hotza eta bestea beroa. Ur hotzeko putzua txikiena da eta 14 graduan egongo da ura. Putzu handiko ura, berriz, 33 graduan egongo da eta hiru zatitan egongo da banatuta: ur txorrotak lepora botako duten gunea, ur txorrotak botatzen dituzten bederatzi txorroz inguratuta dagoen esertzeko gunea eta putzuaren erdian, etzanda egoteko hiru ohe. Ur txorrotak dituen ibilbide bat ere egongo da.

Bainuetxean ere irisgarritasuna kontuan hartu dute, baina gutxitu fisikoek ezingo dituzte zerbitzu guztiak erabili: "Saunak, dutxak eta atsedengunea bai, baina ur putzuak ez", esan du Unai Asurmendik.

Bazkaltzeko tokia kanpoan
Kanpoko berdegunea ekainaren 16tik irailaren 10a arte egongo da zabalik. Igerilekuetatik eta tabernatik joan ahal izango da. Dutxak eta komunak daude izkina batean eta erdigunean belarra; ereindako belarra duten alfonbrak: "Ezin izan ditugu zuhaitzak landatu gerizpea egiteko, eta aurten toldoak jarriko ditugu", dio Asurmendik. Kanpoko terrazan jan ahal izango da eta berdegunearen ondoan barra txiki bat jartzea ere proposatu die Kirol teknikariak tabernako arduradunei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak