Babestutako 32 etxebizitza egingo dituzte Ozaeta auzoan

Asier Alkorta 2008ko mar. 13a, 09:57
Inmobiliaria Bittorrek eraikiko ditu etxebizitza horiek eta Udala izango da horren kudeaketaz arduratuko dena. Bi aldeek atzo, eguaztena, sinatu zuten hitzarmena.

Hitzarmen horrek oraindik ere indarrean dauden Arau Subsidiarioetan du oinarria eta zehazten du Ozaeta auzoko gune baten –3.2 deritzon gunearen– garapena.

Hitzarmen horren arabera, Alberdiren enpresak hartu du konpromisoa esandako gunean babes ofizialeko 32 etxebizitza eraikitzeko eta horretarako beharrezkoa den dokumentazio eta proiektuak lantzeko. Era berean konprometitu da kostu osoaren %7ko abala jartzera eta %10eko hirigintza aprobetxamendua Udalari ordaintzera –67.200 euro–.

Zozketa Udalaren esku

Agurne Barruso alkateak sinadura ekitaldian azaldu zuenez, Ozaetan eraikiko diren etxebizitzen adjudikazio prozesua Udalaren esku geratuko da, Udalak zozketatuko ditu eta bera izango da prozesu guztia kudeatuko duena.

Bestalde, gehitu zuen 32 etxebizitza eraikiko diren arren, zozketara 27 bideratuko dituztela. Izan ere, gainerako 5ak izango dira Zubiaurren duela hiruzpalau urte eraitsi zuten eraikin bateko bizilagunak kokatzeko.

Barruso alkateak hitzarmenaren garrantzia ere azpimarratu zuen: "Hitzarmen hau garrantzitsua eta positiboa da Udalarendako: alde batetik, exekuzio unitate horren garapena bermatzen duelako; bestetik, babes ofizialeko etxeak egingo direlako eta, azkenik, babes ofizialeko etxe horien kudeaketa Udalaren esku geratzen delako eta modu horretan, nolabait, herritarren interesak bermatuago geratzen direlako".

Etxebizitzotan izena emateko prozedurari dagokionez, oraindik ere arautu gabe dagoela aurreratu du alkateak, eta zehaztu bezain pronto emango dutela jakitera.

Lanak udazkenean hasiko dira

Bittor Alberdik sinadura ekitaldian azaldu zuenez, oraindik ere ez dituzte etxebizitzak eraikitzen hasteko beharrezkoak diren baimen guztiak eskuratu. Hori horrela, aurreratu zuen udazken aldera aurreikusten dutela eraikitze lanekin hastea. Zozketari dagokionez, Alberdik azpimarratu zuen ez dela lanak hasi aurretik egingo.

Eraikiko duten etxea urbanizatutako 5.190 metro karratu inguruko orubean egongo da kokatuta. Atari bakarra izango du eta behe solairua eta hiru pisu izango ditu. Bi soto ere baditu, garajeendako. Etxebizitzak izango dira bat, bi edo hiru gelakoak eta etxeetako bakoitzak garajea eta trastelekua izango du.

 

Ozaeta auzoa map

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak