Babes-etxea prestatu du Udalak genero indarkeria jasan dutenendako

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko mai. 8a, 14:31
Tratu txarren kasuak gero eta gehiago direlako erabaki dute babes-etxea prestatzea. Hiru unitaterendako tokia du eta behin-behinekoa izango da

Babes-etxea prestatu du Udalak genero indarkeriaren ondorioz ohiko etxebizitza utzi behar dutenendako. Etxebizitza dagoeneko erabiltzeko moduan dago eta araudia ere onartuta, apirileko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak.

Egokitutako etxeak hiru logela ditu. Berez, hiru unitateri babesa emateko pentsatuta dago baina kasuak nolakoak diren ikusi beharko da. "Hiru logela ditu, baina bost ohe. Demagun hiru ume dituen emakume batek duela hori erabiltzeko beharra. Hiru unitaterendako tokia egon arren, posible da bi familiekin betetzea", dio Jon Lopez Gizarte Zerbitzuetako teknikariak.
Babes-etxea behin-behineko zerbitzua izango da. Gehienez sei hilabetez egon ahal izango dira babes-etxean genero indarkeria jasan dutenak. "Posible da hiru hilabetez egotea ere, baina momentuz ez dugu pentsatu sei hilabeteko epea luzatzea. Pertsona normalizatzea da helburua, lehengo etxebizitzara, bizimodura bueltatzea. Horretarako ere izango dute gure laguntza", dio Jon Lopezek.


Beharra zegoelako

Bergarako Gizarte Zerbitzuak babes-etxearen beharra ikusten zuen. "Hemen ere gero eta indarkeria generoko kasu gehiago daude. Orain arte inguruko herriek duten babes-etxeak erabili izan ditugu eta bazegoen beharra Bergaran bertan prestatzeko horrelako etxe bat", dio Lopezek. Horrela, zerbitzu honen beharra luzatu zion Gizarte Zerbitzuak udal gobernu berriari eta duela urtebete hasi ziren proiektua gauzatzen. "Orain arte pentsioetara bideratzen ziren tratu txarrak jasan dituztenak. Ikusi genuen Udalak hutsik zuela etxebizitza bat eta hura prestatzea pentsatu genuen", dio Roberto Martinez, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Udan margotzen ibili ziren, altzariak eta oinarrizko etxe tresnak ere erosi dituzte eta dagoeneko erabiltzeko moduan dago. Hemendik aurrera, genero indarkeriagatik jarritako salaketak eta kontsultak aztertu eta beharra duenari babes-etxea eskainiko dio Gizarte Zerbitzuak; urgentziazko kasuetan pentsioetara bidaltzen jarraituko dute.

Gero eta gehiago
Genero indarkeria jasaten dutela esanaz gero eta jende gehiago doa udaleko Gizarte Zerbitzuetara. Han emandako datuen arabera, urtarriletik apirilera bitartean sei laguni eta bi erasotzaileei eman diote laguntza psikologikoa. Kopurua handia da, kontuan izanda 2007an 10 biktimei eta bi erasotzaileei eman zietela. Horiez gain, beste asko kontsulta egitera joan ziren. Bestalde, gero eta kasu gehiago latinoamerikarren arteko kasuak dira.

Mankomunitateko zerbitzu bihurtzeko asmoa dute

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak