Babes-etxea prestatu du Udalak sexu indarkeriaren ondorioz ohiko etxebizitza utzi behar dutenendako. Etxebizitza dagoeneko erabiltzeko moduan dago, eta araudia ere onartuta, apirileko osoko bilkuran onartu zuen-eta udalbatzak.
Egokitutako etxeak hiru logela ditu. Berez, hiru unitateri babesa emateko pentsatuta dago, baina kasuak nolakoak diren ikusi beharko da. "Hiru logela ditu, baina bost ohe. Demagun hiru ume dituen emakume batek duela hori erabiltzeko beharra. Hiru unitaterendako tokia egon arren, posible da bi familiarekin betetzea", dio Jon Lopez Gizarte Zerbitzuetako teknikariak.
Babes-etxea behin-behineko zerbitzua izango da. Gehienez sei hilabetez egon ahal izango dira babes-etxean sexu indarkeria jasan dutenak. "Posible da hiru hilabetez egotea ere, baina momentuz ez dugu pentsatu sei hilabeteko epea luzatzea. Pertsona normalizatzea da helburua, lehengo etxebizitzara, bizimodura bueltatzea. Horretarako ere izango dute gure laguntza", dio Jon Lopezek.
Beharra zegoelako
Bergarako Gizarte Zerbitzuak babes-etxearen beharra ikusten zuen. "Hemen ere gero eta sexu indarkeria kasu gehiago daude. Orain arte inguruko herriek dituzten babes-etxeak erabili izan ditugu, eta bazegoen beharra Bergaran bertan prestatzeko horrelako etxe bat", dio Lopezek. Horrela, zerbitzu honen beharra adierazi zion Gizarte Zerbitzuak udal gobernu berriari, eta duela urtebete hasi ziren proiektua gauzatzen. "Orain arte, pentsioetara bideratzen ziren tratu txarrak jasan dituztenak. Ikusi genuen Udalak hutsik zuela etxebizitza bat, eta hura prestatzea pentsatu genuen", dio Roberto Martinezek, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Udan margotzen ibili ziren, altzariak eta oinarrizko etxe tresnak ere erosi dituzte eta dagoeneko erabiltzeko moduan dago. Hemendik aurrera, sexu indarkeriagatik jarritako salaketak eta kontsultak aztertu eta beharra duenari babes-etxea eskainiko dio Gizarte Zerbitzuak; urgentziazko kasuetan pentsioetara bidaltzen jarraituko dute.
Gero eta gehiago
Sexu indarkeria jasaten dutela esanaz gero eta jende gehiago doa Udaleko Gizarte Zerbitzuetara. Han emandako datuen arabera, urtarriletik apirilera bitartean sei laguni eta bi erasotzaileri eman diote laguntza psikologikoa. Kopurua handia da, kontuan izanda 2007an 10 biktimari eta bi erasotzaileri eman zietela. Horiez gain, beste asko kontsulta egitera joan ziren. Bestalde, gero eta kasu gehiago latinoamerikarren arteko kasuak dira.