Azoka egingo du Bedelkarrek zapatuan Udal pilotalekuan

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko urr. 17a, 12:01
Azoka egun guztian egongo da zabalik: 10:00etatik 20:00etara bitartean. Herrian giroa jartzea eta komertzioetako produktuak erakustea dira helburuak.

Bedelkarrek azoka egingo du zapatuan Udal pilotalekuan. Helburua da "elkartea bera eta herriko komertzioak eta produktuak ezagutaraztea eta herrian giroa jartzea", Ander Gisasola Bedelkarreko presidenteak esan duen moduan. 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik azoka eta umeendako puzgarriak eta musika emanaldiak ere izango dira.

Deskontuak
Bedelkarren herriko 85 zerbitzu daude eta horietatik 24 izango dira zapatuko azokan. "Komertzio bakoitzak erabakiko du zer eraman. Ez da udako saldoen azoka bat, denda bakoitzak bere produktuak ezagutarazteko azoka da eta bakoitzak bere moduan aurkeztu eta salduko ditu produktuak", dio Ander Gisasolak.

Iratxo mertzeriako Nagore Egurenek, adibidez, deskontua aplikatuko die azokara eramango dituen produktuei: "udazken-neguko denboraldiko galtzerdiak edo leotardoak eramango ditugu, adibidez, eta deskontua izango dute". Mujika jantzi dendako Trini Olabarria ere azokan izango da. "Ideia oso ona iruditu zait. Jai giroan egingo da eta horixe da helburuetako bat, herrian giroa sortzea", dio. Iratxo mertzeriak bezala, Mujika jantzi dendak ere denboraldiko jantziak eramango ditu. "Ezinezkoa da modelo guztietako taila guztiak eramatea azokara, baina aurtengo nobedadeen mostra bat, behintzat, eramango dugu. Deskontua egingo diegu azokan saltzen ditugun produktuei", aurreratu du Trini Olabarriak. Gisasola burdindegiko Anderrek ere badaki zer jarriko duen ikusgai azokan: "nobedadeak, burdindegietan ere izaten dira-eta".

Udalarekin batera
Udalaren laguntzarekin antolatu du azoka Bedelkarrek. "Jaurlaritzak diruz lagundu digu eta Udalak azpiegitura jarri digu; asko lagundu digu", dio Bedelkarreko presidenteak. "Aspalditxotik hilean behin bilera bat egiten dugu Udaleko eta Bedelkarreko ordezkariok. Udalak tokia jarri du, Udal pilotalekua, eta azoka muntatzeko behar zen azpiegitura eta laguntza guztia", zehaztu du Enara Minguez zinegotziak.

Jolasak, musika eta zozketa

Azokaz gain bestelako ekitaldiak ere antolatu ditu Bedelkarrek biharko. Esaterako, umeendako puzgarriak eta zezen mekaniko bat eta Potxin eta Patxin pailazoak egongo dira umeendako frontoian bertan. Musika Eskolako trikitilariak kalejiran ibiliko dira eta Udal pilotalekuan bukatuko dute emanaldia. Txaranga Gazteak ere beste horrenbeste egingo du. Haizezko Orkesta arratsaldean ibiliko da herriko kaleetan zehar eta Bergarako Orfeoiak emanaldia egingo du frontoian 13:30ean. Erosketak egiten dituztenen artean telebista bat zozketatuko dute.

Azokan egongo diren komertzioak
Aldasoro oinetakoak
Anezka oihalak
Arantxa Askasibar mertzeria
Barcelo bidaiak
Bergara Piel jantzi denda
Biltoki altzariak
Gabilondo jantzi denda
Gisasola burdindegia
Goiara perfumeria
Gracian Agirre mertzeria
Herran elektragailuak
Igarza mertzeria
Iratxo mertzeria
Itziar mertzeria
Jauja kirol denda
Kanela dekorazioa
Keros paper denda
Laket jantzi denda
Lazkano oinetakoak
Mirari jantzi denda
Mujika jantzi denda
Tantana perfumeria
Txokolate osagarriak
Xuxu jantzi denda

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak