Azken sei urteetan behera egin du odol emate kopuruak

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko urtarrilaren 25a

Odol emaileen elkartetik dei egiten diete herritarrei "odola ezinbestekoa" da-eta askorendako

Urte berriarekin batera, odol ateratzeen egutegi berria kaleratu du odol emaileen elkarteak. Aurten 22 ateratze-egun egongo dira eta Fernando Idigoras Bergarako odol emaileen elkarteko presidenteak dei egiten die herritarrei ateratze-egunetan elkartearen egoitzara hurbildu eta odola eman dezaten. Halaxe dio Idigorasek: "Bi eskari egin nahi ditugu; azken urteetan egindako berberak; batetik, gazteei egin nahi diet dei, anima daitezen elkarteko kide egiten. Bestetik, urtean emate bat egiten dutenak anima daitezela bigarren ematea egitera".
Hori guztia eta gehiago da beharrezkoa, Idigoras elkarteko presidentearen esanetan, "odola ezinbestekoa" da-eta askorendako: anemia dutenendako, hemofilikoendako, minbizia dutenendako, istripuetan zaurituendako…

Kopuruak behera

Odol beharra handia bada ere, emaile eta era berean emate kopuruak behera egin du, azken urteetan: "Azkeneko sei urteetan beherako bidea nabarmena izan da", azaldu du Idigorasek, eta gehitu du: "2004an, 1.478 emate izan genituen; 2005 urtean, 1.410 emate; 2006an, 1.334; 2007an, 1.343; 2008an, 1.195; eta iaz, 830 emailek egindako 1.131 emate. Bukatzeko, Idigorasek gogora ekarri du hurrengo emate eguna dela hilaren 27an, Seminarioko egoitzan.

Emateen 2010eko egutegia


Urtarrila: 13, 27
Otsaila: 17
Martxoa: 3, 17, 31
Apirila: 14, 28
Maiatza: 12
Ekaina: 2, 16, 30
Uztaila: 14, 28
Abuztua: 11
Iraila: 1, 29
Urria: 13, 27
Azaroa: 10, 24
Abendua: 15

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak