Azaroaren 22an patata izango da protagonista

Jasone Zabala 2008ko azaroaren 14a

Gure Ametsa elkarteak antolatuta, azaroaren 22an San Antonioko bigarren patata feria ospatuko da. Azoka 10:30ean zabalduko dute eta goiz osoan zehar hainbat ekitaldi izango dira.

Esate baterako Javier Pascualena adituak 12 patata motaren gaineko azalpenak emango ditu eta artisau eta gastronomia produktuen postuak jarriko dituzte antolatzaileek, Udapa eta Natuber enpresen laguntzarekin, besteak beste. Patata izango da zalantzarik gabe egun horretako protagonista nagusia. Azokan 17 postu ipiniko dituzte hainbat produkturekin: gazta, mermelada, ogia, lekaleak eta kontserbak, barazkiak, fruitu lehorrak, artisautza eta txerri patea besteak beste. Era berean elkarte gastronomikoen arteko sukaldaritza lehiaketa jokatuko da 11:30etan. Herriko hainbat elkartek jardungo dute lehian patatak errioxar erara prestatzen.

Patatak eta haragi gisatua

Arabako Patataren Kofradiako Isidro Urzelai presidentearen  eskutik patata dastatzea izango da Gure Ametsan 11:30ean eta 12:30ean, eta ondoren patata eta haragi gisatuaren, kalitatezko label produktuekin. Feriari bukaera emateko, sari banaketa ekitaldia izango da 13:30ean. Aurten baina, ez da egongo pasa den urtean egon zen tabernen arteko pintxo lehiaketa, "abenduaren 20an egin nahi dugun azokarekin batera antolatzeko asmoa dugu", adierazi digu azokako antolatzaile Jesus Jauregik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak