Lehen urratsa herritarrak kontzientziatzea izango da, euskaraz bizitzearen aldeko pustua egin dezaten. Ondoren, lagun taldeak sortuko dituzte, dinamika ezberdinak egin ahal izateko: sukaldaritza saioak, irteerak, kultur ekitaldiak eta beste hainbat. Hasieran baina, gela barruko ekitaldiak izango dira, partaideek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten. Taldeak sortzeko auzotarrak (herritar euskaldunak) zein auzokideak (herritar ez euskaldunak) izango dituzte kontuan. Izenematea datozen egunotan zabalduko dute eta kaleko lana ezinbestekoa izango da parte hartzea lortzeko.
Eleaniztasunaren indarra
Dinamizazio lanak Jarduneko Maitane Arizabaletak egingo ditu eta Maider Elkoro Topaguneako ordezkariak ere jardungo du harekin. Elkororen hitzetan, "plan xumea da eta uste dugu eleaniztasunak aliatu mordo bat ekarri al digula. Denok izango gara irakasle eta ikasle, emateko zein hartzeko daukagulako denok. Ideia da 8-10 laguneko taldeak izatea eta talde bat baino gehiago sortzea, noski. Talde bakoitzak autonomia propioa izango du eta naturaltasun baten bizitzera iristea da helburua".
Hiztegiak kaleratu dituzte
Maider Elkororen koordinazioarekin, hainbat hiztegitxo landu dituzte: quechua, guarania, aymara edota Afrikako hainbat hizkuntzako hitzak euskara itzuli dituzte, etorkinek hiztegitxo horiek erabil dezaten, gutxienez, oinarrizko hitzekin euskaraz jarduteko. 13 hiztegitxo atera dituzte eta hil honen bukaeran beste 7 kaleratuko dituzte. Hiztegion helburua, baina, bikoitza da: beraien hizkuntzei duten garrantzia aitortu eta, era berean, euskaraz egiteko lehen erremintak eskura ipini.