Auzoko maisua eta 'autobuseroa' omendu dituzte Angiozarko jaietan

Arritxu Barruso 2010eko irailaren 27a

Anselmo Vega eta Rufino Muñoz 1971n iritsi ziren Euskal Herrira. Vega Zamoratik Oñatira joan zen bizi izatera eta Muñoz, berriz, Segoviatik Arrasatera. Bada, biek ere Bergarako Angiozar auzoan amaitu dute; auzoko pertsonaia esanguratsu bi bihurtu dira, gainera: Rufino Muñoz Angiozarko autobus gidaria edo autobuseroa da eta Anselmo Vega edo 'Mito', berriz, Angiozarko maisua.

Bada, zapatu honetan auzotarrek omenaldi berezia egin diete biei, auzoaren alde egindako lanarengatik. "Hezkuntza eta garraioa oso garrantzitsuak dira auzo txiki batean eta gaurko bi omenduek lan handia egin dute arlo horietan. Mito-k 25 urtetan gure eskola txikiaren alde lan handia egin du. Rufinoren autobusak ere asko egin du auzoaren alde", azaldu zuen Mila Elortza alkateak. Zapatu gauean, jaietako auzo afariaren ostean, euskal makila bana eman zieten.

Herri txikietako lasaitasuna

Rufino Muñozek 37 urte daramatza Angiozarren eta pozik bizi da bertan: "Herri txikietako lasaitasuna gustatzen zait eta horregatik pozik nago Angiozarren. Auzotar guztiak ezagutzen ditut eta ondo konpontzen naiz denekin. Lagunekin afariak egitea eta berriketan egitea asko gustatzen zait". Gaur egun erretiratuta dago, baina urte askoan autobus gidaria izan da; Bergaran eta Angiozarren aurpegi oso ezaguna da: "Angiozarko autobusero moduan ezagutzen naute denek. Eskolara ume asko eraman ditut nik eta Labegaraietara lanera ere jende asko eramaten nuen sasoi baten". Muñozek pozik hartu du auzotarrek egin dioten omenaldia.

Zamorako euskaldun zaharra

Anselmo Vega, Angiozarrera iritsi aurretik, Oñatin bizi izan zen hamar urtean. Euskal Herrira iritsi eta egin zuen lehenengo gauza euskara ikastea izan zen: "Euskal Herrira etorri nintzen, garai hartan hemen giro sozial berezia zegoelako, eta horrek atentzioa eman zidan. Dena dela, argi neukan Euskal Herrian bizi behar banuen, euskara ikasi behar nuela", azaldu digu Vegak. Lortu egin zuen helburua, eta ondo asko, gainera. Gaur egun euskaraz bizi da eta euskaraz egiten du lan.

Donostian Irakasle ikasketak amaitu eta lanean hasi zen. Horrela ezagutu zuen Angiozarko eskola txikia: "Asko gustatu zitzaidan. Herri txiki batetik nator ni eta eskola txiki baten ikasitakoa naiz. Berehala jakin nuen Angiozarren ondo bizi izango nintzela". Eskola txikiaren defendatzaile sutsua da eta lan asko egin du Angiozarko eskola txikiak bizirik iraun dezan. Mito ere aurpegi ezaguna da auzoan: "Angiozarko maisua naiz guztiendako". Auzotarren omenaldia gustura hartu du: "Sorpresa izan da, baina konturatu naiz zahartu egin naizela. Horrelako omenaldiak zaharrei eta erretiratuei egiten zaizkie", dio barrezka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak