Auzo-alkate aukeraketa eta AHTren gaineko galdeketa egingo dituzte domekan Angiozarren

Usoa Agirre 2007ko eka. 27a, 17:40
Auzo-alkatea aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte Angiozarren domekan, uztailaren 1ean. Bide batez, hauteskunde eguna aprobetxatuko dute AHTren gaineko erreferenduma edo galdeketa egiteko. Horrela, auzotarrek proiektuaren gainean duten iritzia emateko aukera izango dute.

Alkate aukeraketa

Lau urtean behin egin den bezala, 1977 urtetik aurrera, aurten ere Angiozar bailarako Batzarra aukeratzea tokatzen da. Angiozar bailarako Batzarra aukeratzeko hauteskundeak bereziak dira. Izan ere, Angiozarren bizi edo erroldatuta dauden 18 urtetik gorako pertsona guztiek esku har dezakete hauteskundeetan, eta edonor izan daiteke aukeratua. Hau da, edonork gustuko duenari bere botoa emateko aukera du. Era berean, auzo bakoitzeko ordezkariak ere aukeratzen dira.

Boto emaile bakoitzak lau pertsona aukeratu beharko ditu; alkatetzarako bat eta auzo batzarrerako beste hiru. Batzar horretan ordezkaritza izango dute Asentzio, Goimendi, Zabaletamendi, Mainddao, Parteitxi, Azkuneta eta Errekaldek, bi ordezkariekin bakoitzak.

Alkatea jende aurrean aldarrikatzen da San Migeletan egiten den ekintzan. Ekitaldian alkate berriari aginte makila ematen diote bere ardurak gogoraraziz.

AHTren gaineko galdeketa

Era berean Angiozarko bizilagunek AHT proiektu erraldoiaren gaineko iritzia emateko aukera izango dute uztailaren 1ean. Izan ere, Angiozarren AHTren inguruko erreferenduma egingo dute domekan.

Abiadura Handiko Trenaren lanak hasteko daude zenbait lekutan eta oraindik ez dakite Angiozarko bizilagunek zelako eragina izango duen trenak bertan. Hainbat baserri arriskuan daude. Herri galdeketaren bitartez Angiozarko bizilagunek proiektuarekiko duten iritzia erakutsiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak