Astelehenean bertan, Bergarako Jaso tailerrera hiru auto eraman zituzten, erregai-tangak zulatuta. Eta ez dira adibide bakarrak izan, azken bizpahiru hilabeteotan arazo bera zuten sei auto konpondu ditu-eta tailerreko arduradun Hipolito Jasok: "Sei auto horietako bost Bergaran zulatu zituzten, eta bestea Osintxun. Matxura ez da handia, erregai-tanga berehala konpontzen delako. Aproposena tanga berria jartzea da, baina zulatutako ingurua lixatu eta pasta berezi batekin ere ondo geratzen da".
Tailerrean dituen hiru auto horietako bat dagoeneko konpondu du, eta irudiko Ford Escort autoarekin lanean hastekotan zebilen: "Lapurrek badakite zertan dabiltzan. Normalean gasolinazko autoak zulatzen dituzte, eta zuloak dituen ezaugarriengatik ez dute zulagailu elektrikoa erabiltzen. Puntadun tresna batekin egiten dute zuloa, kolpe bat emanda, eta erraz egiten da, gainera. Kontua da, baina, lapurrek ez daukatela autoa gasolinaz beteta dagoen edo ez jakiterik. Batek baino gehiagok esan digu erregai-tangan ez zeukatela gasolina askorik".