Aurten hasiko dituzte Mizpirualde handitzeko lanak

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko urt. 29a, 10:16

Gipuzkoako Aldundiak eta Bergarako Udalak hitzarmena sinatu dute Mizpirualde egoitza handitzeko. 2008. urtean, 26 lagun gehiagorendako tokia izango du: orain 115 ohe ditu, eta gero, 141 izango ditu; 25 edo 30 pertsonarendako eguneko zentroa; unitate psikogeriatrikoa; eta tutoretzapeko sei apartamentu bikoitz. 3.233.333 euro da aurrekontua; %75 Aldundiak ordainduko du, eta gainerako %25, Udalak. Maiatza bukatu orduko egingo dute proiektua, eta lanak urtea bukatu baino lehen hasiko dituzte.

Zerbitzua hobetu

Egubakoitzean sinatu zuten Mizpirualde handitzeko hitzarmena Aldundiak eta Udalak. Antzuolako eta Elgetako alkateak ere egon ziren ekitaldian, bi herri horietako biztanleak ere Mizpirualdera etortzen direlako beharra heltzen zaienean. Bi udal horiek egoitzan dauden antzuolar eta elgetar kopuruaren araberako zenbatekoa jartzen dute.
Esther Larrañagak, Gizarte Politikarako diputatuak, esan zuen moduan, "orain ezintasuna dutenak daude egoitzan, baina, obra hauekin, bi zerbitzu gehiago izango ditu Mizpirualdek: eguneko zentroa eta nolabaiteko autonomia baina oraindik laguntza berezia behar dutenendako tutoretzapeko apartamentuak. Horrez gain, 15 pertsonarendako unitate psikogeriatriko bat ere izango du, dementzia eta portaera arazoak dituztenak zaintzeko". Unitate hori Mizpirualde barruan kokatutako egoitza txiki bat izango litzateke.

Eraikin berria

Zerbitzu berri horiek eskaintzeko, eraikin berria egingo dute. "Frontoia eta euskaltegia dauden aldera zabalduko dugu gure eraikina. Ondoan dugun terraza ez dugu botako, baina azpitik lotuko ditugu eraikin zaharra eta berria. Egun euskaltegia dagoen tokian egingo dugu eguneko zentroa eta, horren ondoan, tutoretzapeko etxebizitzak", azaldu du Gregorio Iruretagoiena Mizpirualde egoitzako zuzendariak.
Obraren proiektuaren zirriborroa eginda dagoela onartu du Victoriano Gallastegi alkateak. Hala ere, maiatzerako egongo da gertu, Gregorio Iruretagoienak esan digun moduan. "Proiektuak berak jarriko ditu epeak gero. Pleguak prestatu behar dira eta lanak adjudikatu, baina lanak datorren urtean bukatzea nahi dugu", esan du alkateak.

Zilarrezko q-a

Bestalde, Mizpirualde egoitza zilarrezko Q-a lortzeko bidean dago. Euskalit erakundeak saritu egin du hiru arrazoi hauengatik: bezeroak ondo bideratzeagatik, egiten duen talde lanarengatik eta etengabe hobetzen saiatu direlako. Mikel Eguren Euskalit-eko ordezkariak ziurtagiria eman dio egoitzari, eta kudeaketa onarengatik jaso dezakeen zilarrezko Q-a lortzeko bidean jarri du Mizpirualde. Ziurtagiria alkateak hartu zuen, egoitzako presidentea delako.
Momentu honetan, 115 lagunendako tokia du Mizpirualde egoitzak, eta ohe guztiak okupatuta daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak