Aurten ez da San Martinen heriotza irudikatuko danborrada amaieran

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko ira. 10a, 12:26
Bihar, zapatua, hasiko dira San Martin jaietako ekitaldiak. 10:00etan barazki, fruta eta gazta azoka irekiko dute. San Martin eta Munibe plazetan jarriko dituzte postuak eta lehiaketaren emaitzak 13:30ean emango dituzte.

Bestalde, goizean barrena odolosteak dastatzeko aukera egongo da San Martin plazan, Luis Mari Rezola, Pello Urtzelai eta Jon Leturia harakinei esker. Horrekin batera, Bergarako trikitilariek herriko kaleak alaituko dituzte.

Txomingero bazkaria

Aurten ere txomingero bazkaria egongo da. 160 lagunendako mahai eta bankuak egokituko ditu Udalak eta jatekoa eta edatekoa norberak eraman beharko ditu. Domingo Irala kalean izango da, eta, euria eginez gero, Simon Arrietan. Bazkalondoan koadrilen arteko jolasak egongo dira, Jardun elkartearen eskutik eta Deiadar txarangak alaituta.

Umeendako ekitaldi ugari

Ume eta gazteenendako ekitaldiek osatuko dute zapatu arratsaldea: 17:30ean gaztetxoendako zezentxo eta poneyak egongo dira Seminarioan eta ordu berean umeendako jolas eta tailerrak egingo dituzte leku berean. 18:30ean, berriz, bonba japoniarrak egongo dira San Martin plazan.

19:00etan erraldoi, kiliki eta buruhandien konpartsak kalejira egingo du, eta 22:30ean, Katabatik eta Lord Witch taldeek kontzertua egingo dute, San Martin plazan.

Heriotzarik ez

Aurten ez da San Martinen heriotza irudikatuko. Azken urteetan Gabero abesbatzako kideek egin dute, baina laga egin dute eta Udalak herritarren artean deialdia egin duen arren, ez du ordezkorik aurkitu. Hala, danborrada santuaren gurutziltzatzearekin amaitu beharrean, estreinakoz danborrek jotako Nagasaki piezarekin amaituko da. Osterantzean, nagusien danborradak ohiko ibilbidea egingo du, 11 konpainiarekin.
Danborradaren harira, Udalak barkamenak eskatu nahi dizkie herritarrei Seminarioa berritzeko lanek eragin ditzaketen eragozpenengatik.

Aste barruan gehiago

Domekan sokamuturra egongo da 08:00etan eta haur, gazte eta helduendako puzgarriak Seminarioko patioan, 10:30-14:30 eta 16:00-20:00 ordutegian.
Astean barrena ekitaldi gehiago egongo dira (ikus taula).

Egitaraua

11, zapatua

10:00 Barazki, fruitu eta gazta lehiaketa, San Martin eta Munibe plazetan.
11:00-13:30 Bergarako trikitilarien kalejira.
12:30 Odoloste dastatzea, San Martin plazan.
13:30 Barazki, fruitu eta gazta lehiaketaren sari ematea, Munibe plazan.
14:30 Txomingeroen bazkaria, Irala kalean. Eguraldi txarrarekin Simon Arrietan izango da.
Gero, koadrilen arteko jolasak, Deiadar txarangak alaituta.
17:30 Gaztetxoendako zezentxoak eta poneyak, Seminarioko patioan.
17:30 Umeendako jolasak eta tailerrak, Seminarioko patioan.
18:30 Bonba japoniarrak, San Martin plazan.
19:00 Erraldoi, kiliki eta buruhandien kalejira, Udal Txistulari Bandak eta Elgoibarko dultzainariek lagunduta.
22:30 Herriko Katabatik eta Lord Witch taldeen kontzertua, San Martin plazan.
24:00-03:00 Imuntzo eta Beloki taldearekin erromeria, San Martin plazan.

12, domeka

09:00 Ageriko 37. pintura lehiaketa. Sari ematea 14:30ean izango da udaletxean. Gero, aurkeztutako lanen erakusketa irekiko dute osoko bilkuren aretoan.
10:30-14:30 eta 16:00-20:00 Haur, gazte eta helduendako puzgarriak, Seminarioko patioan.
18:00 Faborez IV diskoaren aurkezpena eta erromeria San Martin plazan.

15, eguaztena

19:00 Canping Renove Trapu zaharra taldearen kale antzerkia, San Martin plazan.
22:30 Nagusien danborrada.
Gero, dantzaldia, Joselu Anaiak taldearekin, San Martin plazan.

16, eguena, San Martin eguna

08:30 Diana.
09:00 Sokamuturra.
11:00 Errrekortadore eskola ibiltaria, Seminarioan.
11:00 Meza nagusia, San Pedron, parrokiak antolatuta.
11:15 Kalejira, bandarekin
12:30 Udal Musika Bandaren kontzertua, San Martin plazan.
18:30 Haurren danborrada.
19:30-22:00 Luhartz taldearekin dantzaldia, San Martin plazan.
22:00 Suzko erruberak, Agorrosinen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak