Aurten ere gazteak erakartzea da Odol Emaileen Elkartearen erronka

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko otsailaren 16a

Iaz 1.235 emate batu zituzten eta 46 emaile berri lortu, eta 2009a ondo hasi dute. Eguaztenean, otsailak 18, odol ateratzea egongo da, ohi bezala, Seminarioko egoitzan

Fernando Idigoras, Odol Emaileen Elkarteko presidentea, pozik dago 2008an jasotako datuekin: "1.235 emate izan genituen iaz. 2007ko datuen antzekoak dira; hortaz, mantendu egin gara, eta ez da gutxi", esan du. Dena den, kopuru hori gainditzea zaila ez dela ere onartu du: "Urtean emate bat egiten duenak bi egingo balitu eta bi egiten dituenak hiru, kopuruak gora egingo luke, erraz".
2008an 46 emaile berri egin zituztela azaldu du eta aurtengo erronkaren berri ere eman du: "Aurtengo erronka da azken urteetako bera: gazteak erakartzea odol emaile egin daitezen".
Horrez gain, urtea oso ondo hasi dutela azpimarratu du: "Batez beste 75 bat emate egin ditugu".

odola ematearen garrantzia

Fernando Idigorasek odola ematearen garrantzia azpimarratu du, beste behin. "Oraindik odol premia handia dago. Hemofiliko asko dago egunero odola behar duena eta badira beste gaixotasun batzuk ere odol premia handia dutenak: anemiak, esaterako", azaldu du.
Horrekin guztiarekin batera, gogora ekarri du oso erraza dela odola ematea eta gonbidatu ditu herritarrak otsailaren 18an egingo den hurrengo ateratzera joatera. Ateratzeekin hasiko dira 18:30ean, ohi bezala, Seminarioan duten egoitzan. Odola eman eta gero indarra berreskuratzeko luncha egoten da.

Odol ateraldien egutegia:

Otsailak 18
Martxoak 4 eta 18
Apirilak 8 eta 22
Maiatzak 6 eta 20
Ekainak 10 eta 24
Uztailak 8 eta 22
Abuztuak 5
Irailak 2 eta 23
Urriak 7 eta 21
Azaroak 4 eta 18
Abenduak 2 eta 16

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak