Aukeran dantza taldeak hamargarren urteurrena ospatzeko ikuskizun berezia

Arritxu Barruso 2008ko mar. 30a, 19:18
Edu Muruamendiaraz bergararrak zuzentzen duen Aukeran dantza taldeak 10 urte bete ditu aurten. Lanean jardundako hamarkada hau ospatzeko "Aukeran, 10 urte" ikuskizuna aurkeztu zuten zapatuan Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Aukeran konpainiak azken 10 urteotan egindako lana ipini zuen taula gainean. Ohikoa duten maila, seriotasuna eta orijinaltasuna erakutsi zuten, oraingoan ere; dantza tradizionaletik abiatuta, baleta edo dantza garaikidea modu eraginak tartekatuz. Arropa ikusgarriak erakutsi zituzten, eta argiekin egindako lana ere deigarria izan zen. Argi-itzalekin lortutako efektuak ere politak izan ziren oso.  Aukeran dantza taldeak hiru ikuskizun aurkeztu ditu bere ibilbidean: Sutargi (2001), Izena duen guztia omen da (2003) eta Bideak (2006). 10. urteurrena ospatzeko landutako azken ikuskizun honetan, aurreko hiru lanetako zatietatik abiatuta taldearen errepasoa egin dute. Zati batzuk bere horretan mantendu dituzte, eta beste batzuk, zaharrenak, eraldatu egin dituzte.

Antzokia beteta

Victoria Eugenia antzokia jendez beteta zegoen, eta banaka batzuk sarrerak lortu ezinda geratu ziren. Sekulako arrakasta, beraz. Ikusleek, hasieratik, gogotsu txalotu zituzten dantza saioak. Perkusio kaxez lagunduta, arin-arin eta fandango modernoak dantzatzen ari zirela festa giroa zabaldu zen Victoria Eugenia antzokian. Momentu hunkigarriak ere izan ziren. Taldeko abeslariaren ahots goxoak lagunduta, eta argi-itzalekin jolastuz dantzatutako aurreskuak zirrara eragin zuen ikusleengan.

Gonbidatuak ere izan zituzten zapatuko ikuskizunean eta sekulako maila erakutsi zuten. Iker Murillok, Zuricheko Baleteko dantzari bakarlariak, eta Vitali Safronkinek bi saio motz egin zituzten. Teknika altua eta heldutasun  handia erakutsi zuten bi dantzari horiek. Ikusleen txalo zaparrada jaso zuten bi saioetan ere. Ion Ibarretxe izan zen hirugarren gonbidatua, Angle Corella konpainiako dantzaria.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak