Astelehenean abiaraziko dute doako eta denbora mugatuko TAO zerbitzua

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko ira. 17a, 11:06
Beheko lerrootan, zerbitzuaren erabilerari buruzko informazioa duzue: zein kaletan egongo den, ordutegia, tiketa, isunak...

Doakoa izango da?

Bai. Horren aldeko apustua egin du Udal Gobernuak. Urtean 86.000 euro inguruko gastua izango da Udalarendako, baina "kostu hori asumigarria" dela uste du. 

Zein kaletan jarriko da?

Lau gunetan egongo da:
1.    gunea: Oxirondo plaza.
2.    gunea: San Martin plaza.
3.    gunea: Ibargaraiko parking publikoa.
4.    gunea: Ibargarai (1etik 14ra), Zurradero, Telesforo Aranzadi, Joan XXIII.a plaza, Fraiskozuri, Irizar eta Herri Lagunak.

Ze irizpide erabili da kaleok aukeratzeko?

Zerbitzuaren helburua da erdigunean autoen txandakatzea egotea. Hortaz, erdiguneko kaleak hartu dira aintzat. Proposamena egin duen enpresak –Gertek– aztertu du erdigunean zenbat auto dauden erroldatuta, zenbat garaje dagoen, zenbat biztanle, zenbat aparkaleku plaza... eta ondorioztatu du esandako kaleetan dagoen aparkaleku kopurua –326– nahikoa dela txandatzea lortzeko.

Bestalde, badira erdigunean hainbat kale, Kruz Gallastegi eta Masterreka, esaterako, baina horiek ez dira gune urdinaren barruan sartu. Horren arrazoia da komenigarria dela kale batzuk aparkaleku librearekin lagatzea, betiere, ondoan aparkatzeko gune handiagoa dutela kontuan izanda (Bideberri).

Ze ordutegi izango du?

Gune guztiek ordutegi bera izango dute: astelehenetik egubakoitzera, 09:00-13:00 eta 16:30-20:00; eta zapatuetan, 09:00-13:30. Salbuespena: San Martin plazan zapatu goizean ez da TAOrik egongo; izan ere, plaza itxita egongo da, gaur egun egoten den moduan.

Gainerako orduetan, hau da, eguerdian eta gauez, ez da TAOrik egongo; inon ez.

Denbora mugatua izango da?

Bai. 1. eta 3. guneetan –Oxirondo plaza eta Ibargaraiko parking publikoa– aparkatu ahal izango da, gehienez, hiru orduz.

2. gunean –San Martin plaza– aparkatu ahal izango da gehienez 30 minutuz; eta 4. gunean –erdiguneko kaleak– aparkatu ahal izango da, gehienez, 90 minutuz.

Aparkatze-aldia igaro eta gero, aparkatu ahal izango da leku berean?

Ez. Guneari dagokion denbora igaro eta gero, autoa lekuz aldatu beharko da. Ezingo da beste txartelik atera makinatik –makina programatuta dago horretarako–, eta ondorioz, ezingo da aparkatu  ez leku berean, ez gune berean, ezta gainerako beste guneetan ere, hurrengo hiru orduetan.

Salbuespen bakarra San Martin plaza izango da. Han aparkatu eta gero, ezingo da gune horretan hurrengo hiru orduetan aparkatu, baina bai beste hiru guneetako baten.

Nola atera behar da tiketa?

Bederatzi makina egongo dira. Eguzki plaken bidez funtzionatuko dute eta bederatziak GPRS bidez konektatuta egongo dira; hortaz, makinetako batean sartutako datuak gainerako guztiek ere izango dituzte.

Tiketa eskuratzeko autoaren matrikula sartu beharko da eta makinak guneari dagokion denborako tiketa aterako du. Matrikula da aintzat hartuko dena beti. Tiket hori autoan jarriko du erabiltzaileak, ondo ikusteko moduan.

Isunak jarriko dira?

Bai, jarriko dira. Gertek enpresako langile batek egingo ditu zaintza lanak eta isunak ere hark jarriko ditu.

Gune urdineko arau-hausteek arin izaera dute, eta, ondorioz, 20 euroko isuna, Udaleko ordenantzaren arabera. Hala ere, 20 egunen barruan ordainduz gero, 10 eurotan geratzen da. Isuna tiket-makinetan ordaintzeko aukera egongo da.

Bertakoendako txartela nork eskura dezake?

Oinezkoendako kaleetako zein epe ertainean oinezkoendako bihurtuko diren kaleetako bizilagunek. Era berean, txartel hori eskuratzeko aukera dute TAO gunean dauden kaleetako bizilagunek.

Kale horiek guztiak dira: San Pedro, Mizpildi, Goenkalea, Artekalea, Komenio, Arruriaga, Barrenkalea, San Martin plaza, Bidekurutzeta, Ibargarai 1etik 14ra, Zurradero, Irizar, Irala, Joan XXIII.a plaza, Herri Lagunak, Fraiskozuri eta Simon Arrieta, hain justu ere.

Ze baldintza bete behar da txartel hori eskuratzeko?

Ezinbesteko baldintzak dira ibilgailua erroldatuta egotea aurreko galderan erantzundako kaleetako baten –zirkulazio baimenean dakar hori–, eta ibilgailuaren jabea ere helbide berean erroldatuta egotea.

Nola erabili behar da?

Txartel hori duten ibilgailuek ez dute aparkatzeko denbora mugarik izango 1. eta 4. guneetan. Aldiz, Ibargaraiko parkingean eta San Martin plazan gainontzeko erabiltzaileentzat ezarritakoa bete beharko dute.

Non eskura daiteke txartela?

Udaletxean. Datorren astean egokituko dute udaletxeko sarreran leihatila bat tramitazio hori egiteko.

Txartela egiteko eroan behar da ibilgailuaren zirkulazio baimena –originala eta fotokopia– eta han emandako eskaera orria ere bete beharko da.

Non alda daiteke autoaren errolda?

Trafikon egin behar da eskaria, eta horretarako Donostiara joan beharra dago. Aldaketa egiteko ezinbestekoa da jabearen udal errolda agiria eramatea.

Minusbaliatuendako lekuak TAO barruan sartuko dira?

Ez. Izaera berezia izango dute, orain arte bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak