Asteburuetan ere Udaltzain zerbitzua egongo da Bergaran aste honetatik, bihartik, aurrera. Horrela, zapatu arratsaldetan, domeketan eta jai egunetan ere udaltzain zerbitzua egongo da herrian. Ordutegia aldatu egin da ondorioz, eta hauxe da ordutegi berria: astelehenetik zapatua arte, 06:00etatik 22:00etara eta domeka eta jai egunetan, 10:00etatik 22:00etara. Udaltzaingoaren telefonoa, berriz, hauxe da: 943 77 91 06.
Herriaren zaintza
Asteburu eta jai egunetako lana aste barrukoarengatik ezberdina izango da. Hala, asteburuetan ikastetxeak itxita daude eta trafikoa ere txikiagoa izaten da. Lan horien ordez, hiritarren segurtasuna bermatzeko lan gehiago egingo dute udaltzainek. Herriko denda, taberna eta lokalen ordutegiak eta zarata maila ere zainduko dituzte zapatu, domeka eta jai egunetan.
Udaltzain gehiago
Asteburuetan eta jai egunetan lana egiteko hiru lan talde osatu ditu Udaltzaingoak. Egun 15 udaltzain daude baina behar bezalako zerbitzua emateko udaltzain gehiago behar dituzte.
Asteleheneko osoko bilkuran, hain zuzen ere, Udaleko plantilla organikoaren eta lanpostuen zerrendaren aldaketaren proposamena onartu zuen, aho batez, udalbatzak. Udalaren asmoa da beste hiru udaltzain kontratatzea. Deialdi publikoa egiteke dago oraindik.