Astelehenean hasi eta datorren domekara bitartean Agorrosin Ekintza Guneko kirol eremuak itxita egongo dira. San Martin jaiak aprobetxatuz, bertan konponketak, legionela protokoloak eta desinfekzio lan sakonak egiten ari dira. Amaia Zabaleta Agorrosin ekintza guneko gerentearen arabera: “Astelehenean hasi ginen igerilekuak uzten eta garbitzen, eta domeka honetarako dena bukatuta egongo da. Garbiketa sakon hauek osasun sailak eskatuta egiten ditugu eta guztiz beharrezkoak dira”. Lanak ekintza gune guztian egin dira.
Neguko ordutegia
Bestalde aipatu, iraila geroztik neguko ordutegia hasi dela eta kanpoko berdegunea itxita dagoela ordutik. Horrela, astelehenetik egubakoitzera: 07:00etatik 22:00etara; zapatutan: 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; domeka eta jai egunetan, berriz: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
WWW.AGORROSIN.NET
Udal kirol zerbitzuak, bestalde, Agorrosin Ekintza Guneko informazioa lortzeko bide berri bat ireki du Agorrosingo berezko webgunea. Berton, instalazioa, abonu, ikastaro eta bestelako kontuen inguruko beharrezko informazioa jasoko da. Ikastaroetako plazei dagokionez esan, plazen zozketa datorren astelehenean egingo dela. Izena eman duten pertsonen kopurua 1.100 izan da eta guztira 1.300 plaza daude. Arazoa ordu eta jarduera jakin batzuetan emango da. Irailaren 22tik 24ra plazarik ez dutenek soilik eman dezakete izena, eta 25ean edonork. Irailak 29an ikastaroen hasiera izango da. Webgune horrekin erabiltzailearengana hurbiltzeko lehen urratsa da, bigarrena, mailing eta SMS bidezko komunikazio hartu-emanak izango dira. Azken horiek 2009an ipini nahi dituzte martxan.
Kanpoko igerilekuari dagokionez, Unai Asurmendi, Udaleko kirol teknikariak azaldu digu, “urte amaiera baino lehen lanak hasteko asmoa dago baina aurretik arkitektoarekin exekuzio proiektua egiten gabiltza eta ondoren igerilekua egingo duen enpresa adjudikatu nahi da.