"Kontzertu berezia izango da. Asmoa da kantua kalera ateratzea. Lehen ohitura handia zegoen kantuan ibiltzeko, eta giro hori berreskuratu gura dugu. Bestalde, Orfeoia entzutera elizara edo antzokira etortzen ez den jendearengana iritsi gura dugu, euren giroan, trago bat hartzen dabiltzan bitartean", azaldu du Biainek.
Abesti herrikoiak
Abesti herrikoiak abestuko dituzte, kalean abesteko modukoak: Isil-isilik dago, Hegoak ebaki banizkio, Kalian gora kalian behera... eta, baita kantu espiritualak, eta irlandarrak ere. Kontzertuak ordu erdi iraungo du, eta zapatukoarekin denboraldia amaitutzat emango du Bergarako Orfeoiak.