Asier Penabad laugarren Espainiako txapelketan

Xabier Urtzelai 2010ko eka. 25a, 11:44
Atzo, eguena, egin zituzten Espainiako txirrindularitza txapelketako erlojupeko probak, eta 23 urtez azpikoen kategorian Asier Penabad laugarren sailkatu zen. Erlojuaren kontra 25,4 kilometroko ibilbidea izan zuten, eta lehenengo sailkatu Jesus Herradak 32:34ko denbora egin zuen. Joan den astean Osintxuko helmugan lehenengo izan zen Leire Olaberriak, berriz, urrea irabazi zuen.

Asier Penabad laugarren sailkatu zen atzo, Albaceten, Espainiako erlojupeko txapelketan. Herrada izan zen azkarrrena, eta Bergarakoa 33 segundora iritsi zen helmugara (33:07). Penabadek indarrez egin zuen erlojupekoa, ondo, baina zapore gazi-gozoz geratu zen, podiuma bi segundora izan zuelako –hirugarren sailkatu Alberto Torresek 33:05ko denbora egin zituen, eta bigarren sailkatu Andres Vigilek 33:01–.

Bestalde, joan den astean Osintxun egin zuten emakumezkoen Soraluce sarian nagusitu zen Leire Olaberriak gorputzaldi onean dagoela erakutsi zuen, erlojuaren kontrako lasterketan irabazita (27:30). Emakumezkoek 19,6 kilometroko ibilbidea izan zuten. Rosa Bravo izan zen bigarren, eta Debora Galvez hirugarren.

Gure taldeak, Gipuzkoako itzulian

Gaurtik hasi eta astelehenera arte, berriz, Debagoieneko ziklismo taldeak Gipuzkoako itzulian izango dira. Gaur, egubakoitza, Eibarren izango dute erlojupekoa (Eibar-Eibar). Bihar Olaberrian hasiko dute 78 kilometroko lasterketa, domekan Andoainen 90 kilometrokoa, eta astelehenean Seguran 90 kilometrokoa. Guztira 19 talde izango dira irteera puntuan, eta tartean egongo dira Sein eta Sumofic ibarreko taldeetako mutilak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak