Asier Garitano, Castelloneko entrenatzaile

Edu Mendibil 2010eko apirilaren 8a

Asier Garitano bergararra Castellon futbol taldeko entrenatzaile izendatu dute. 2. mailako azken tokian da Castellon eta azken 11 jardunaldietan jaitsiera saihestea da helburua. Garitanok ez du lan erraza izango, baina ilusioz ekin diola esan du. Jokalariei beste horrenbeste eskatu die, eta partiduz partidu gogor borrokatuko dutela agindu du.

Castellon taldeak aurten duen hirugarren entrenatzailea da Asier Garitano. David Amaralekin ekin zioten denboraldiari, Titín Marquezek hartu zuen haren tokia eta orain Garitanok hartu du Titín Marquezen lekukoa. Bergararren arabera, ez da seinale ona hori. Hain zuzen, lan zaila du aurretik Garitanok; sailkapeneko azken tokian da Castellon, 24 punturekin, eta 12 puntura dituzte mailari eusteko postuak. Hamaika jardunaldiren faltan, Castelloneko agintariek ere zaila ikusten dute jaitsiera saihestea.

Taldeak itxura ona ematea, geratzen diren partidu guztiak gogor borrokatzea eta ilusioa erakustea da Garitanoren helburua. "Matematikoki ez dugu mailaz jaitsi eta azken partidura arte borrokatzea eta zaleengan ilusioa mantentzea dira helburuak".

Castellonek Celta hartuko du asteburuan, Castalia futbol zelaian.

 

Asier Garitanok 40 urte ditu eta txikitan Athleticen jardun zuen. Talde askotan jokatutakoa da, Bilbao Athletic, Eibar, Burgos, Cadiz, Gava, Cartagena eta Alacant-en tartean. Alacanten jardundakoa da entrenatzaile eta azkenaldian Castellon taldean zebilen, bigarren entrenatzaile.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak