Erabaki horixe hartu du Udalak. "Datorren hilabetean, herriko jaiak dira, eta kalea ezin da dagoen moduan egon ordurako. Jende asko ibiltzen da herrian jaietan, eta pentsatu dugu onena dela asfaltoarekin tapatzea, dena laua uztea. Kaleko merkatariei ere mesede egingo dio horrek", esan du Victoriano Gallastegi alkateak. Datozen egunetan hasiko dira Domingo Irala tapatzen.
Enpresa berria
Joan den martitzenean aurkeztu zuen Ozio enpresak proiektuaren uko-agiria. Udalak ekin dio dagoeneko likidazio prozesuari, eta enpresa berri bat kontratatzeko pleguak prestatzeari ere. "Gure asmoa da jaietarako jakitea nork jarraituko dituen obrak. Horrela, jaiak bukatu eta berehala hasiko da enpresa hori Domingo Irala kalean lanean. Horrek obren atzerapena ekarri dezakeela pentsatuz, enpresa berriari epeak gogoraraziko dizkiogu, eta bete ditzala eskatuko diogu, ahal den neurrian", dio alkateak.
Domingo Irala asfaltatzeko lanak Udalak ordainduko ditu, baina ez du zenbatekoa zehaztu.