Asanblada eta atzoko lan-istripua salatzeko bilkura egin ditu LABek

Arritxu Barruso 2007ko apirilaren 18a

LAB sindikatuak lan osasunaren inguruan asanblada egin du gaur Bergaran eta hori izan da Oñatiko lan istripua salatzeko bilkura Bergaran egitearen arrazoia. Egindako asanbladan sindikatuak esan du gaur egun enpresetan bizi den egoera oso larria dela.

Apirilaren 28a lan osasunaren nazioarteko eguna da. Hori dela eta LAB sindikatuak asanblada egin du gaur Bergaran. Apirilaren 28a borrokarako eguna izango dela adierazi du sindikatuak.

Lan istripuak

Gaur egun enpresetan bizi den egoera jasangaitza eta onartezina dela dio sindikatuak eta prebentzioaren gainetik produktibitateak duela lehentasuna salatu dute.

Azken urteotan lan istripuan hil diren langileen balantzea ere egin du sindikatuak: "Iaz Euskal Herrian 129 langile hil ziren lan istripuetan; baina ez hori bakarrik 529 istripu larri gertatu ziren eta beste 64.897 arin; honez gain, badira estatistiketan agertzen ez diren laneko gaixotasunak ere."

Langileen eguna

Langileen eguna izan da asanblada jorratutako beste gaia, hau ere  borroka eguna izango da LAB sindikatuarentzat.

Azken urteotan egin duten modura, aurten ere sindikatuak modu deszentralizatuan ospatuko du maiatzaren 1a. Gure ibarrean Arrasaten ospatuko du LABek langileen eguna. Goizeko 12:30etan manifestazioa egingo da Portaloitik.

Manifestazioaren ostean ekitaldi politikoa egingo du LABek Euskal Herriak  bizi duen egoeraren inguruan. Momentu berezia bizi duela uste dute eta hau aprobetxatu beharra dagoela.

Bilkura lan istripua salatzeko

LAB sindikatuak bilkura egin du gaur Bergaran atzo Oñatin hildako bat eragin zuen lan istripua salatzeko. LAB izan da atzo gertatutako lan istripua salatu duen sindikatu bakarra.

35 urteko gizonezkoa baso garbitze lanetan zebilela gertatu zen ezbeharra. Autonomo gisa lanean zebilen langilea adar batek buruan jota hil zen. 

LAB sindikatu izan da lan istripua salatu duen bakarra, gainontzeko sindikatuak ez direlako mobilizatzen istripuan hildako langilea autonomoa denean.

Lurdes Eraso, LAB sindikatuko Gipuzkoako ordezkariak esan du, autonomo faltsua zela hildakoa. Autonomo izan arren baso garbitze lanak enpresa batentzat egiten ari zelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak