Artabila inguruan, lanak egiten dihardute duela pare bat astetik. Bi eremutan dihardute lanak egiten, errepidearen alde banatan: batetik, Candy Hoover enpresa ondoan, eta, bestetik, ortuak dauden orubean, etorkizun batean Miguel Altuna berria eraikiko duten gunean, hain justu ere.
Lehenengoari dagokionez, Candytik hasi eta Surrarako bidegurutzerainoko urbanizazio lanak egingo dituzte. Udaleko Hirigintza Sailetik azaldu dutenez, Candy Hoover eta Irizar Zerrategia dira lan horren kargu egingo direnak: "Gauza bat dela, bestea dela, enpresok hor kokatzeagatik egin beharreko urbanizazio lanak atzeratzen joan izan dira, baina dagoeneko ekin diete lanei", azaldu dute Hirigintza Sailetik.
Errepidea egokitu, espaloiak egin, argiztapena jarri... ingurua erabat txukunduko dute eta 400.000 euro inguruko aurrekontua dute. Inguruko auzotarrek –San Martin, Agarre, Surra...– eskertu egingo dituzten lanak dira, baina baita gainerako herritarrek ere. Izan ere, herritar askoren pasealeku da gune hori, Kilometrotako buelta-ren tartea den heinean.
Miguel Altuna berria
Lanak egiten diharduten bigarren eremua da Miguel Altuna berria eraikiko duten orubea. Hain justu, egunotan egiten ari direna da airetik doazen argindarraren kableak kendu eta horiek guztiak lur azpian sartu. Udaletik azaldu dutenez, Udalak berak esleitu ditu lanok, baina Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila egingo da gastuaren kargu. Horren arrazoia da orube horretan Miguel Altuna Lanbide Heziketako eskola berria eraikitzeko prozesuaren barruko lanak direla. Udaletik azaldu dutenez, "Miguel Altuna egingo dutenerako orubea prestatzen, garbi lagatzen ari dira, obrak hasten direnerako oztoporik gabe egon dadin".
Miguel Altunaren eraikin berriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak badu izendatuta horretarako diru zati bat 2008ko aurrekontuetan eta Miguel Altunako zuzendari Inazio Larrañagak esandakoaren arabera, exekuzio proiektua ere eginda dago, "2007ko ekainaren 13an entregatuta". Hala eta guztiz ere, lanak noiz hasiko diren ez dakitela gehitu du, "oraindik jakinarazpen ofizialik" ez dutela jaso. Hori horrela, lanok lehenbailehen hasteko premia azpimarratu du, "aspaldi leku faltan gaudelako".
Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zuzendari Josu Aboitizek iazko abenduan hainbat komunikabideri egindako adierazpenen arabera, 2008an hasiko dira lanak. Zera esan zuen orduan: "Espero dugu lanak uda ostean esleitu ahal izatea, eta urtea bukatu aurretik hastea". Lanbide Heziketako zuzendaritzan galdetu arren, ez digute ezer konfirmatu.