Arrizuriaga jauregian egongo da UNED, ikastetxea berriztatu arte

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko mar. 1a, 17:24
Aranzadi Ikastolak eta udalak ere obrak egingo dituzte nork bere zatian. Errege Seminarioaren teilatua eta fatxada ere berritu egingo dituzte.

Astelehenean egin zuten ofizial Errege Seminarioaren banaketa. Lehendik adostuta zuten banaketa hori, baina aste honetan sinatutako hitzarmenak egin du ofizial. Orain, alde bakoitzak obrak egingo ditu bere zatian.

Uned, plazatik Arrizuriagara
UNEDek, adibidez, zati osoa berriztatuko du: "Proiektu integral osoa egingo dugu: liburutegi berria egingo dugu, beste solairu bat goian, oztopo arkitektonikoak kenduko ditugu, informatika gela berria izango dugu eta gela txiki gehiago egingo ditugu, besteak beste", azaldu du Juanjo Alvarez zuzendariak.

Eta lan horiek egin bitartean, Arrizuriaga jauregira eramango dute UNED. "Egia esan, oraindik ez dakigu noiz hasiko ditugun lanak. Guri komeni zaigu urrian, ikasturte hasieran, edo datorren otsailean, azterketen ostean, hastea, baina hiru erabiltzaileon lanak koordinatu egin behar ditugu eta obren hasiera data zehazteke dugu oraindik. Ina Aspiazuk egingo du proiektua eta hark esan digu 18 hilabete inguru beharko dituztela dena berriztatzeko. Bitartean, Arrizuriagan egongo gara. Hiruzpalau aldiz egon gara han, eta egokia da tokia. Aranzadiko gela batzuk ere erabiliko ditugu, hala ere", zehaztu du Juanjo Alvarezek.
 
Ikastolako sarrera, Muniben
Aranzadi ikastolak ere eginda dauka egin nahi dituen obren proiektua. Zati garrantzitsuenetakoa izango da Munibe plazatik egingo duten sarrera: "San Martin plazako sarrera ordezkatuko du horrek; Munibekoa izango da gero ikastolako sarrera nagusia", azaldu du Patricia Urrutiak, Aranzadi ikastolako zuzendariak. Horrez gain, eraberritzeko falta den fatxada zatia ere konponduko dute eta igogailua jarriko dute han. "Orain arte azpiegitura lanak egin ditugu batez ere: leihoak aldatu, berogailua jarri eta lan elektriko batzuk egin, besteak beste. Eta kirol patio ondoko aldagelak berritu egin ditugu", jarraitu du Urrutiak.

Kristalezko auditorioa
Udalak, bestalde, askotariko erabilpena izango duen auditorioa egingo du Errege Seminarioko elizan. Kristalezkoa izango da. Lehen pausoa izango da elizako erretaula zaharberritzea. Kanpoko enpresa batek egingo du lan hori, eta horretarako tokia duen bezain laster eramango du.

Nork bere zatian egingo dituen obrez gain, eraikinaren teilatua eta fatxada ere berritu egingo dituzte. Egin beharreko lan guztiak koordinatu egin behar dituzte; lan batzuk batera egingo dituzte eta beste batzuk bata bestearen segidan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak