Proposamen horren kontra agertzeko eman zituzten argudioen artean erabili zuten Untzeta-Arrizuriagako lorategiaren izaera historikoa, eta Bergarako Lorategi Historikoak Ekimena ez dator bat horrekin, erredakziora bidalitako oharrean azaltzen dutenez.
Ekimenaren adierazpenak
Ekimenak uste du "guztiz bateragarria" dela "Arrizuriaga handitzea eta UNED han kokatzea "Arrizuriagako lorategi historikoak dituen kultura balioen babesarekin". Dio, baita ere, "erabat bateragarriak" direla "berdegunearen erabilera gozamen publikoarekin. Kontua da gauzak ondo egitea". Horren haritik, uste dute kultura balioekin bateragarria ez dena dela "aurreko Udal Gobernuak egindako kalea, era guztiz arduragabean, lorategiaren zati bat suntsituz eta testuingurutik kanpo utziz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emandako irizpideei batere jaramonik egin gabe".
Bestetik, ekimenaren ustez, "deigarria da EAJko udal taldearen berehalako sentsibilitatea" lorategi historikoen gainean. Eta dio: "Benetako interesa konfirmatuko balitz, herriko lehenengo talde politikoa izango litzateke urrats hori ematen". Hala, zalantzak argitze aldera, EAJri eskatzen diote osoko bilkuran aurkez dezala proposamena Jaurlaritzak 2007ko ekainean Bergarako Udalari proposatutakoa bete dadin.
Horrez guztiaz gain, argi laga nahi izan dute Arrizuriagako lorategiaren kultura balioak babestea bateragarria dela guztiz "herritarrek gune hori gozatzearekin, zein Arrizuriaga eraikinaren handitze eta erabilera akademikoarekin".
Trukea, interesgarria
Ekimenak "oso interesgarritzat" jotzen du UNED eta Udalaren arteko eraikin trukea. Hala, "traketsa" iruditu zaie "EAJko udal taldeak Bergaran UNEDen etorkizuna baldintzatzeko modua", eta, era berean, "taxugabea" "Seminarioko eraikin esanguratsuaren erabilerari uko egitea", besteak beste, "preziorik ez duelako herriko ekimenak Errege Seminarioan libre geratuko litzatekeen espazioa kokatu ahal izatea". Eta gehitzen dute: "Argudio ekonomikoa gelditzen da bakarrik ezezkoa emateko eta hori erabiltzea da justifika ezina justifikatu nahi izatea".