Lurrazpiko sarean dagoen arratoi populazioa kontrolatzeko Higiene Ambiental ISS enpresaren zerbitzua kontratatu du Udalak bigarrenez, urte osorako.
Arratoi kopurua kontrolatzen dute pozoiarekin; pozoia arketetan botata. Herria zortzi sektoretan banatuta dute eta pozoia botatzen dute bidegurutzeetan dauden arketetan, hala toki bat baino gehiagotik datozen arratoiak akaba ditzaketelako.
Zauritu eta odolustu
Erabiltzen duten pozoiak funtzio bikoitza du: batetik, arratoiari zauria egiten dio, eta bestetik, antikoagulantea denez, arratoia odolustu egiten da. Hala, 24 edo 48 ordutan hil egingo da arratoia.
Gizakiak zein beste animaliaren batek janez gero, pozoiak kalte egingo die –K Bitamina da antidotoa–. Dena den, arketetan botatzeak arriskua nabarmen txikitzen du Higiene Ambiental ISSko ordezkarien esanetan. Gainera, prebentzioa areagotzeko, herritarren bistara ez dauden arketak aukeratzen dituztela ere azpimarratu dute.
Hilean behin
Pozoia botatzeko bi kanpaina egiten dituzte urtean: bata, martxoan; bestea, urrian. Kanpainok hiru egun irauten dute eta herriko zortzi sektoreetan botatzen dute pozoia. Horrez gain, hilean behin ere botatzen dute, baina sektoreka. Eta horrez guztiaz gain, herritarren kexuren bat egon bada orduan ere etortzen dira eta arratoia ikusitako lekuan botatzen dute.