Arramazka taldeak joko du zapatuan Irala kalean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko eka. 17a, 18:39
Lasarte, Alegia eta Aguraingoak dira Arramazka taldeko kideak. Sei dira egun, baina bi kidek taldea utziko dute laster, beste proiektu baten murgiltzeko. Eguraldi txarra dela-eta Munibe plazan joko du seikoteak, gaur (20:00), Jardunen eskutik.

Euskarazko kultura eskaintza osatzea helburu, proposamen "ezberdina" eskaini gura izan dutela adierazi du Nerea Mendizabal Jarduneko kideak. Ezberdina denik ez dago zalantzarik: "Pop-rock freskoa, etiketarik gabekoa eta mezuari garrantzi handia ematen diona: euskal musikaren barruan, musika berria", da-eta Arramazka, Aitzol Lasa taldeko gitarra joleak jakinarazi duenez.
Musika ez dute kontsumorako ikusten, sorkuntzarako mekanismo moduan baizik: "Honezkero topiko bihurtu da, baina egunerokotasunak eskaintzan dizkigun arazo eta pozen inguruan idazten dugu. Eta horretarako metafora eta poesia dira gure baliabide ohikoenak". 2009ko udaberrian ekin zioten proiektuari eta beste hainbat taldetan jo izandakoak dira kide gehienak. Besteak beste, Apurka, Gartzen, Karratua Borobila Da eta Gaueko Itzalak taldeetako kide ohiek osatzen dute egungo taldea. Eta ez hori bakarrik, musika oso gertutik bizi izan dute txikitatik. Aitzol Lasa, esaterako, musika irakaslea da eta haren aita ere musika irakaslea izan zen. Eta ez da taldeko kasu bakarra. Beraz, teknika aldetik goi mailako emanaldia izango da biharkoa.

Diskoa, sanjuanetarako
Zapatuko kontzertuaren ostean bi kidek beste proiektu bati ekingo diote, taldea hankamotz utziz: "Bateria joleak eta gitarra joleak taldea utziko dute eta udarako planak dezente aldatu zaizkigu. Ahalik eta lasterren saiatuko gara kide berriak aurkitzen", dio Lasak. Izan ere, Sanjuanetarako diskoa kaleratuko dute; diskoaren aurkezpenaren osteko kontzertuak lotzeko bi kide behar dituzte.
Azkenik, eguraldi txarra egiten badu Munibe plazan izango da kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak