2009an, Bergarako Aroztegi aretoak 232 egunetan ireki zituen ateak, 17 erakusketa ezberdin hartu zituen eta 16.207 bisitari pasa ziren bertatik; bataz beste, mila lagun, erakusketa bakoitzeko. 2008ko datuekin alderatuta, kopuruak behera egin du apur bat, baina kopuru ona izaten jarraitzen du Bergarako Udaleko Kultura ordezkarien esanetan; balorazio oso positiboa egin dute.
Serafin Esnaolarena izan zen, askogatik, ikusiena: 3.170 lagunek bisitatu zuten. Beartek Bergarako artistei egindako omenaldia dago zerrendan hurrena, 1.710 bisitarekin; eta Cantero eta Gurrutxagarena ondoren, 1.612rekin.
2010erako egitaraua
2010erako prestatutako programazioa datorren astean abiaraziko da, otsailaren 5ean, Neguko Festak izenburutzat daraman erakusketarekin: neguko jaietako irudi, pertsonaia eta unerik esanguratsuenak jasoko ditu argazki eta paneletan. Martxoan, Aranzadi Zientzia Elkartearen Hilotzak des-hilobiratuz, duintasunak berreskuratuz erakusketak hartuko du Aroztegi aretoa eta gai hori oinarri hartuta hitzaldi bat ere izango da. Eta horiekin batera, bada beste bat nabarmentzeko modukoa, duen berezitasunagatik: Juana Mari Gallastegiren argazki erakusketa, itsuek ere ikusteko modukoa. Aurten, 16 erakusketa izango dira orotara, eta udal artxiboak, artista bergararrek eta Txotxongilo Mostrak ere izango dute euren tokia.
Erakusketa jarri nahi duen jendeak plegu bitartez aurkeztutako lanen kopuruak behera egin du eta, horren arrazoia jakin asmoz, azterketa egiteko asmoa agertu dute. Lanen aukeraketa udaleko kultura, museo eta artxibo ordezkariek eta Bearteko kideek osatzen duten batzorde mistoak egiten du, baina kontuan izanik argazkigintza arlotik datozela eskari gehienak, datorren urteari begira Pol-Pol argazkilari elkartearekin harremanetan jartzeko asmoa azaldu dute, aukeraketa egiten lagun diezaien.