Aro modernoko Bergarako arte erlijioso guztia, liburu baten argitaratu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko azaroaren 21a

'Arte y piedad. El arte religioso en Bergara en la Edad moderna' da Mari Jose Aranburu donostiarrak Bergarako arte erlijiosoari buruz idatzi duen liburua. Liburuaren aurkezpen ofiziala hilaren 28an egingo dute, Bergarako udaletxeko areto nagusian. Liburua denon eskura iristea da helburua; horretarako, 30 eurotan jarriko dute salgai.

Aranburuk idatzitako tesiaren publikazioa da liburu hori. 2003an defendatu zuen tesia Aranburuk EHUko Arte Ederretako fakultatean eta bikain cum laude kalifikazioa jaso zuen. Hala, Bergarako Udala berarekin harremanetan jarri zen, eta tesia kaleratzeko proposamena egin zion. Horretarako, baina, Aranburuk lana moldatu egin behar izan du, eta baita argazkiak gehitu ere; adibidez, orain dela gutxi aurkitutako Santa Marinako pinturak.

Lan zientifikoa

Ez da Mari Jose Aranburuk argitaratzen duen lehen liburua. Aurretik, esaterako, Jesus Gil Masarekin batera eta Unedekin elkarlanean Bergarako Monografikoak deritzon lana argitaratu zuen.
Liburuak Errenazimendu eta Barroko garaiak lantzen ditu; hau da, XV. mendetik XVIII. mendera arteko garaia. "Parrokia, lehengo komentua, Seminarioa, Bergarako ermitak… toki askotan dago garai hartako arte erlijiosoa Bergaran", dio Xabier Aranburu museologoak.
Egileak benetako lan zientifikoa egin duela gaineratu du: "Ez du aztertu bakarrik arkitektura, baita eskultura, pintura lanak, urregintza… lan handia egin du". 

Atzean dagoen mentalitatea aztertu du

Oso ondo dokumentatutako lana da, izan ere, hainbat artxibotan ibili da Aranburu informazioa batzen. Hala, sakontasun handiko lana da argitaratutakoa. Gainera, arte lanok zergatik egin zituzten, nork ordainduta, zergatik, zertarako… hori guztia jaso du lanean Aranburuk", dio museologoak. Arte erlijiosoaren atzean dagoen mentalitatea aztertzen du egileak liburuko lehenengo eta bigarren ataletan.

Aurkezpena, hilaren 28an.

Mikel Elkoroberezibar zinegotziak azaldu du "fruitua" orain jaso arren, aurreko agintaldian hasitako lana dela liburua. Aurkezpen ofiziala hilaren 28an egingo dute, Bergarako udaletxeko areto nagusian. Liburua denon eskura iristea da helburua; horretarako, 30 eurotan jarriko dute salgai.
Liburu honek 2002an argitaratutakoa osatzen du. "Orduan, arte zibila aztertu zen. Gipuzkoa osoan Bergara izango da arte guztia modu arrazoituan katalogatuta duen lehenengo herria", dio zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak