Arlo sozio-kulturalean euskararen erabilera bultzatzeko hitzarmena sinatuko dute zapatuan

Maider Arregi 2008ko apirilaren 8a

Euskara Hitzarmena 2008ko apirilaren 12an, larunbatean, 12:00etan, sinatuko da udaletxeko osoko bilkura aretoan, jendaurreko ekitaldi batean. Hitzarmena sinatzeko prestutasuna azaldu dute herriko 80 entitatek. Edozein kasutan ere, litekeena da sinatze-ekitaldira bitartean besteren batek ere horretarako asmoa agertzea eta horiek ere aintzat hartuko dira.

Ume eta gazteekin lan egiten duten herriko hainbat entitatek Euskara Bultzatzeko Hitzarmena sinatu zuten 1991n. 1995ean bigarren sinatze-ekitaldia egin eta 1998ra bitartean, udal teknikari baten laguntza eta jarraipenarekin, aurrerapauso nabarmenak eman ziren egitasmoan parte hartu zuten herriko talde eta elkarteen artean, batik bat ume eta gazteen eskolaz kanpoko munduan euskara bultzatzearen aldetik.

Baina ordura arteko jarraipena alde batera laga zen 1998an, Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzua beste arlo batzuetan lanean hasi zelako.

Hori dela eta, orduko esperientzia hura positibotzat jota eta oinarri eta abiapuntutzat hartuta, 2006an Bergarako elkarteetan euskararen erabilera bultzatzeko diagnostikoa egitea erabaki zen. 2006an eta 2007an herriko 73 entitaterekin izan zen hartuemana, euren egoeraren berri jaso eta asmoa azaltzeko.

Hala, beraz, taldeon egoera eta premiak kontuan hartuta, prest leudekeen entitateen artean sinatuko litzatekeen hitzarmen bat gertatu eta taldeei eskaini zitzaien. Era berean, hedabideen bitartez ere eman da asmo honen berri, Udalak aurrez bisitatu ez eta interesaturik egon litezkeen taldeek izena eman dezaten.

Horren guztiaren ondoren, oraingoz, hitzarmena sinatzeko prestutasuna azaldu dute herriko 80 entitatek. Edozein kasutan ere, litekeena da sinatze-ekitaldira bitartean besteren batek ere horretarako asmoa agertzea eta horiek ere aintzat hartuko dira.

Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, Bergarako Udalaren webgunean topa dezakezue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak