Horretarako, Ariznoako arduradunek Aukeran dantza konpainia, Samu Crew break taldea, Acro Indar gimnasia akrobatikoko taldea eta Almudena Cid gimnasta olinpiarra gonbidatu dituzte. Gainera, Bergarako gimnastek erakustaldia egingo dute, eta baita Euskal Herriko gimnasta federatuek ere.
Jaialdi erakargarria
Ariznoako ordezkari Txomin Cabok argi adierazi zuen martitzeneko prentsaurrekoan domekarako helburu nagusia herritarrendako erakargarria izango den jaialdia antolatzea dela: "Gu ez gaude horrelakoak egitera ohituta, baina asmoa zen denondako moduko ikuskizuna antolatzea, ez bakarrik gimnasia erritmikoa ikustera ohituta daudenendako". Eta herritarrei domekarako gonbita egin die: "Anima daitezela, ederto pasako dute-eta".
Gainera, ikusleek bertatik bertara ikusi ahal izango dute Almudena Cidek prestatutako erakustaldia; goizean, gimnasta olinpiarrak berbaldia egingo du Ariznoako neskekin.