Osintxuko Herri Batzordeak 74 argazkiz osatutako DVDa aurkeztuko du domekan Jubilatuen Egunarekin bat eginez. Auzoaren irudiak, auzotarrenak, Mekolaldeko futbol zelaian jokatutako partiduak, uholdeak... hainbat dira argazki bildumak batzen dituen gaiak. Gutxi gorabehera 1930. urtean hasi eta duela 20 bat urtera artekoak dira gehienak, auzotarrek lagatakoak, Herri Batzordeak egindako deialdiari erantzunez. DVDa musikaz jantzi dute, Oreka TX eta Mikel Laboaren doinuez, besteak beste.
Argazki bilduma Herri Batzordeari otu zitzaion, Jubilatuen Egunaren osagarri izateko asmoz, Juan Mari Alberdi auzo alkatearen esanetan: "Jubilatuen egunean ohiko bazkariaz gain, bestelako ekintzaren bat egin nahi genuen egun hori osatze aldera eta hortik sortu da DVDa". Hala, domekan ospatuko dute Jubilatuen Eguna eta bazkarian aurkeztuko dute DVDa, 14:00etan, Txuringo tabernan.
DVDa salgai jarriko dutela aurreratu du auzo alkateak. 100 ale kaletatuko dtuzte eta Txuringo tabernan eta auzoko dendan egongo da salgai 8 euroren truke.
Alberdik aurreratu duenez, udaberri aldera argazki gehiago eskuratzeko beste deialdi bat egingo dute: "Oraingo bilduman azkeneko 20 urteotako argazkiak falta dira eta hala hankamotz dagoela uste dugu. Horregatik, horiek lagatzeko deialdia egingo diegu herritarrei eta jasotakoetatik aukeraketa egin eta gero DVDa kaleratuko dugu".