Arerioak atzean samur utzita, Yus eta Muxika nagusitu ziren ziklo-krosean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko aza. 2a, 19:12
Aurreikuspen guztiak gainditu ziren eguenean jokatu zen Osintxuko lehenengo ziklo-krosean. Parte hartze altuaz gain, giroa ere izugarria izan zen. Ikusle mordoa batu zen lasterketa ikusteko; eguenean argi geratu zen ziklo-krosak ibarrean zale asko dituela. Helmugan, Gizonezkoen mailan, Unai Yus gasteiztarra samur nagusitu zen eta, emakumezkoetan, Jone Muxika elgetarrak ez zuen areriorik izan

Elite mailako gizonezkoek eta 23 urtez azpiko txirrindulariek 13:00etan ekin zuten lasterketa. Lehenengo itzulian taldetxoa osatu zuten Yus, Larrinaga, Diez eta puntako beste hainbat txirrindularik. Baina, bigarren itzulirako, Javier Larrinagak zulatua izan zuen eta atzean geratu zen; hala, Yusek 30 segundoko aldea atera zion arabarrari. Amaiera artea izan zen nagusi Osintxuko ibilbidean Yus; maldan gora, forma ikusgarrian dagoela erakutsi zuen.
Helmuga puntura bakarrik iritsi zen, bigarrena izan zen Javier Larrinaga baino 46 segundo gutxiago egin zituen gasteiztarrak. "Forma onean nago; Pobesko lasterketa eta Osintxukoa irabazteak konfiantza eman didate eta hasierako presioa kendu dut", azaldu zuen lasterketa amaieran Yusek.
Zirkuitoari dagokionez, pozik zegoen Yus: "Azken egunotako euriek zirkuitua bigundu egin dute eta, egoera onean egon da ibilbidea", gaineratu zuen Yusek.

Markel Irizar babesa ematen

Aurreko postuetan ibili ez arren, ibarreko txirrindulariek ere protagonismoa izan zuten Osintxun. Markel Irizar Euskalteleko txirrindulariak proba guztia burutu zuen: "Helburua ez jaustea izan da; ikusi den bezala, teknika aldetik ez naiz oso ondo aritu". Baina, oñatiarraren nahia, antolatzaile taldeari babesa ematea izan zen.
Arrasateko Ederra taldeko Zigor Urain eta Iñigo Roldan 16. eta 19. postuetan helmugaratu ziren. "Nahiko antzera aritu gara Roldan eta biok; lehiatu egiten gara, baina gure arteko pikea sanoa da", azaldu zuen Zigor Urain arrasatearrak helmuga puntuan.

Elgetarra, forma onean

Emakumeek, gizonezko beteranoekin batera, goizeko 10etan jokatu zuten. Hiru neska aritu ziren, eta, beste bien aurrean samur nagusitu zen Muxika elgetarra. 38 minututan amaitu zuen lasterketa, bigarrena baino 5 minutu lehenago.
Gizonezkoen gazte mailan, Ander Altube eta Xabier Arantzeta ondo aritu ziren. Irabazlearengandik bost minututara sartu ziren. Kadete  mailan, berriz, Aitor Laskurain, Jon Rivero eta Unai Retolaza Lokatza taldeko txirrindulariek hartu zuten parte

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak