Arcelorren ekoizpen maila %60ra jaitsiko dute

Txomin Madina Milikua 2009ko apirilaren 28a

Arcelor Mittal enpresako arduradunek komunikatu diete sindikatuei aplikatuko den lan erregulazio espedientea zein baldintzetan egingo den. Estatu mailako lan orduak %40an murriztuko dira; aurreikuspenen arabera, Bergaran, ekoizpen mailaren %60an lan egingo dute. Era berean, enpresak baieztatu du Bergarako altzairu lantegia behin behinekoz itxi egingo dela, eta langileak Zumarragara joan beharko direla. Arcelorreko langile talde batek aho batez onartua izan zen mozio bat aurkeztu zuen astelehenean udaletxean egindako osoko bilkuran.

Arcelor Mittal enpresako arduradunek jakinarazi dutenez Estatu mailan aplikatuko duten EREak, lan orduen %40ko murrizketa ekarriko du. Zehaztu dute, estatu Mailako EREa izanda, horrek esan gura duela, lantegien lan orduen murrizketak bata bestearekin konpentsatuko direla: baliteke planta batzuetan orduen murrizketa handiagoa izatea, baina kasu horretan, beste batzuetan txikiagoa izango da.

Bergararen kasuan, aurreikusten dute bertako lantegiak %60ko ekoizpen mailan jardungo dela. Baieztatu dute era berean, egungo egoeraren beharrei hobeto erantzuteko, Bergarako altzairu lantegia behin behinekoz itxi egingo dutela, eta bertan diharduten 70 langileak Zumarragako altzairu lantegira joango direla. Eraikuntzan emandako jaitsiera argudiatu digute enpresatik hori justifikatzeko, euren esanetan, horrela lan egonkortasuna bermatzen baita.

Behin EREaren baldintzak aurkeztuta, datozen egunetan sindikatuekin Espainia mailako hitzarmen bat negoziatzeari ekingo diote, eta ondoren lantegi bakoitzeko gerentea izango da erabakiko duena lantegi bakoitzean nola aplikatu. Bergarako lantegian, bihar aurkeztuko dizkiete sindikatuei EREaren zehaztasunak.

Osoko bilkuran, mozioa

Arcelor Mittalen auziaren harira, bertako 20 langile inguru astelehenean Bergaran egindako osoko bilkuran egon ziren, eta mozio bat aurkeztu zuten bertan. Lantegiaren eta herriko industriaren historia lotuta doazela esan ostean, mozioarekin eskatu zuten: batetik udalbatzak enpresako zuzendaritzari eskatzea beren jarrera berriz aztertzeko; bestetik udalbatzak bat egitea altzairutegia ixtearen aurka maiatzaren 8rako deitu duten manifestazioarekin eta honetaz gain, lantegiren orubeak ez birkalifikatzea sindikatuen iritzia kontutan hartu gabe.

Aho batez onartu zuten mozioa udalbatzako alderdi guztiek, eta Agurne Barruso alkateak esan zuen berriz ere bilduko zela Zuzendaritzarekin.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak