Neurriei dagokienez, LABetik adierazi dute Madrilen egindako bilera batean planteatu zizkietela neurri hauek, krisiari hobeto aurre egin ahal izateko. Sindikatutik esan dute baina, iaz izandako irabaziak ikusita, enpresak ez diola alde sozialari erreparatzen. Hala, LABetik esan dutenaren arabera, neurriek lanaldiaren banaketa irregularra proposatzen dute oporrak atzeratzeko edo aurreratzeko aukerarekin; era berean EREa aplikatzeko aukera ere badago, eta soldatei dagokienez, ez da igoerarik aurreikusten.
Gaineratu dute enpresak adierazi berri diela Bergarako lantegian dagoen altzairu fabrika behin behinekoz ixteko asmoa dagoela, eta Bergaran lanean dauden 60 langile inguru, Zumarragara joan beharko liratekeela lanera. Neurri honen inguruan, LABeko ordezkariek ekintza sindikal bateratua egiteko beharra azpimarratu dute, eta horretarako, hausnarketa sakona egin behar dela.
Zuzendaritzaren ikuspuntua
Arcelor Mittaleko Zuzendaritzarekin harremanetan jarrita, adierazi digute Bergarako altzairu fabrikaren itxierak ez duela lanpostuak galtzerik ekarriko. Zumarraga eta Bergarako Arcelor Mittalen bi lantegietan dago altzairu fabrika, eta azaldu dutenez, Zumarragako lantegian bilduko da ekoizpen guztia. Ondorioz langile batzuk hara joan beharko dira lanera, eta besteak, Bergaran bertan birkokatuko dituzte beste postu batzuetan.
Neurriei dagokienez, zehaztu dute ez dela ERErik planteatzen, eta gainerako neurriekiko negoziazio prozesua hasten dagoela talde guztiarentzako akordio marko bat lortu asmoz.