'Geurea defenda dezagun' zioen kartelaren atzean, Bergarako Arcelor enpresako langileek elkarretaratzea egin dute, eurek dioten moduan, langileak bajan daudenean jasaten duten egoera kaskarra salatzeko. Salaketa LAB sindikatuak egin badu ere, kartela siglarik gabe aurkeztu dute, langile kopuru zabalago bat bildu asmoz.
Langileek diote, gaur egun salatzen dutena ulertzeko 1992an enpresako arduradunek eta langileek sinatu zuten hitzarmena ekarri behar dela gogora. Urte hartan, prebisio kutxa martxan jartzeko erabakia hartu zuten. Prebisio kutxa honen bidez, langileak bajan dauden 21. egunetik aurrera soldaten %100 bermatzen zaie langile guztiei. Honekin batera, betiere langileek diotenaren arabera, hitzartu zuten bajen lehen 20 egunetan enpresa bera egingo zela kargu, langileen soldataren %100a ordaintzeaz, segurantza sozialaren edo mutuaren bidez.
Gaur egun ordea, bajan dauden langileei ordaintzeko, aurrez hitzartutako sistema kontutan ez hartzea salatzen dute langileek.
Langileek adierazi dute, prest daudela enpresarekin arazoa konpontzeko, eta horretarako ostiralean bilera bat egitekotan gelditu direla. Arazoa enpresan bertan konpondu ezean, langileek gaineratu dute epaitegietarako bidea hartuko dutela.
Bestalde, Goiena Telebista Arcelor enpresarekin harremanetan ipini da, baina momentuz, adierazpenik ez dutela egingo adierazi dute.