Musika lasaia eta atsegina ekarriko digu AEBtako Maine Estatutik datorren Arborea izeneko taldeak. Shanti Curran eta Buck Curran bikoteak osatzen dute taldea eta folk eta indie estiloak uztartzen dituzte batez ere. Finean, Zabalotegi aretorako ezin egokiagoa den zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da. Kontzertua domekan izango da, 19:00etan, eta sarrera bost eurotan jarri dute.
'House of sticks', lan berria
Naturatik eta naturaz egindako abestiak joko ditu bikoteak. Izan ere, naturarekiko lotura sakona erakusten du taldeak. Domekan lan berria aurkeztuko dute Zabalotegin, zortzi kantuz osatutako House of sticks diskoa, hain zuzen.