San Martin Ikastetxeak egindako salaketei erantzuten hasita, Aranzaditik esan dute hitzarmenei buruz emandako informazioa ez dela zehatza.
Argitu dute, momentuz bi hitzarmen sinatu dituztela Errege Seminarioaren lagapenaren inguruan: lehena, UNED-Bergara fundazioarekin, non lagapenaren baldintzak zehazten diren, Martinez de irala eraikina aipatu gabe. Bigarren hitzarmena, UNED-Bergara fundazioak, Udalak eta Aranzadi Ikastolak sinatu zuten otsailaren 19an, hilabeteko epean lagapenaren baldintzak argitu eta espazioen berrantolatzea helburu duen hirugarren hitzarmena sinatzeko konpromisoa hartuz.
Hirugarren hitzarmen hori da sinatu ez dutena, aurreko bi sinaduraren helburua aldatu egin dela ulertzen baitute. Hirugarren hitzarmen horretan, Aranzadi Ikastolako instalazio guztiak Errege Seminarioan egotea aipatzen da, horretarako 5 urtetako epean, Martinez de Iralako eraikina uzteko konpromisoa hartzen dutelarik. Aranzadik dio, zehaztasun horri buruzko udalaren proposamen ofiziala ezustean hartu zutela, lehen bi hitzarmenak sinatu eta bi egunetara. Puntu hau argitzeko hainbat bilera eta negoziaziotan dabiltzala esan dute Aranzadiko ordezkariek, eta horregatik ez dutela sinatu.
Aranzadi Ikastolak auzia konpontzeko borondate falta duela salatu zuen
San Martin Ikastetxeak, eta horri ere erantzun nahi izan diote
Aranzadikoek: gezurra izateaz gain, lekuz kanpo dagoela ere esan dute.
Martinez de Iralan, 10 talde eta 200 ikasle
Egun, bigarren hezkuntzako 200 ikasle inguru daude Martinez de Irala eraikinean, eta Aranzadik dio, ezinezkoa dela denak Errege Seminarioko eraikinean sartzea. Bide batez argitu nahi izan dute, San Martin Ikastetxekoek diotenean Errege Seminarioa 100 urtetarako lagako zaiola Aranzadiri, oker dabiltzala, hitzarmenean ez baita aipatzen eperik.
ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.
ASTEBURUETAKO BULETINA
Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.
Harpidetza aukera guztiak