"Nork esango zidan Bergarak Antzuolaren kontrako derbia jokatuko lukeela inoiz? Gure garaian Eibar edo Mondragonen aurka jokatzen genuen..." zioen zapatuan omendutako Andres Alzelaik partidua hastear zela. Ba antzuolarrak etorri behar izan ziren mahoneroen bolada moztera, eta igoerarako ilusioak zapuztera. Lehen itzulian gertatu bezala, Andoni Azkargortaren mutilek eskuratu zituzten hiru puntuak. Bergarak partidu benetan eskasa egin zuen, "denboraldiko txarrena" Manu Diaz entrenatzailearen hitzetan.
Joko gutxi
Derbietan gertatzen den bezala, joko gutxi, tentsioa eta nerbioak izan ziren nagusi Agorrosinen. Etxekoek ez zuten arrisku handirik sortu 90 minutuetan eta Antzuolak beharbada sari handiegia eraman zuten egindako merituengatik. Husnako berdinketarekin amaitu zitekeen partidua, eta zoritxarreko (eta zorionekoa bisitarientzat) jokaldi batek erabaki zuen partidua. Oregik sartu zuen gol bakarra bere atean, Zubikaraik egindako erdiraketa baten ondorioz. Baloiak ezustean harrapatu zuen Soto Bergarako atezaina. Partidua amaitzeko 20 minutu geratzen ziren, baina etxekoak ez ziren gauza izan partidua berdintzeko. Antzuolarrak eroso ziren ordurako, atzean sartuta, eta kontraerasoak eginez. Zubikaraik bikain gidatu zuen bere taldea zelai erditik. Cabanillasek izan zuen aukerarik onenetako, baina buruz egindako errematea Berraondok desbideratu zuen, area txikiak. Antzuolako zaleek ondo ospatu zuten garaipena. Ziurrenik hurrengo denboraldian ere derbia Antzuolaren aurka jokatuko du Bergarak.
Hamaikakoak
Bergara > Soto, Agirrezabal, Garitano, Elorriaga (Agirre, 55. min.), Oregi (Ibañez, 75. min.), Nafarrete, Loiola, Ilzarbe (Eloy Crespo, 63. min.), Cabanillas, Otero eta Balzategi (Martinez, 60. min.). Urteagak Martinez ordezkatu zuen 83. minutuan.
Antzuola > Azkarate, Iparragirre, Franco, Guridi, Agirre, Berraondo, Zubikarai, Aitor Godoy, Azkarate (Idiakez, 70. min.), Cabrera eta Jon Godoy (Arbulu, 83. min.).
Guadix epaileak bederatzi txartel hori atera zituen, tartean Azkargorta Antzuolako entrenatzaileari.
Omenaldia
Partiduaren atarian Bergara KEk Jose Mari Albisua, Andres Alzelai eta Agustin Aranzabal omendu zituen. Hainbat opari jaso zituzten omendutakoek. Alzelai Bergara jokalari eta entrenatzailea izandakoa da. 82 urte ditu gaur. Oroimena, bikaina; Jose Mari Albisuak 30 urte eman ditu Bergara KEren alde eta egun hunkigarria bizi izan zuen atzo; Iaz erretiratu zen Agustin Arantzabal Realeko kapitain ohiak ere ez zuen hutsik egin atzokoan. Klubak eskertu nahi izan zion berari esker taldeak jasotako diru guztia. Zaragozarekin fitxatu zuenean, esaterako, formakuntza eskubideengatik Bergarak jasotako dirua Deportivo taberna berritzeko bideratu zuten.
Gipuzkoako txapelketa irabazi duten kadete mailako neskak ere atera ziren Agorrosingo zelaira, jendearen txaloen artean. Besteak beste, Agurne Barruso Bergarako alkatea, Juan Luis Larrea Gipuzkoako Federazioko presidentea eta Fernando Antunez Realeko zuzendaritzako kidea izan ziren Agorrosinen.