Antzuolak 1-2 irabazi zion liderrari, Agorrosinen

Edu Mendibil 2009ko urt. 11a, 12:22
Ikusitakoa ikusita, Bergarak ezin du Antzuolarekin. Aurreko denboraldian Bergarak bi partiduak galdu zituen antzuolarren kontra. Atzo, Agorrosinen, lehen itzulerako azken partiduan, berriro ere Antzuolak sailkapeneko lider postuan dagoen Bergarari irabazi zion, 1-2.

Hamasei urte besterik ez dituen Jon Iturbe atezain antzuolarra izan zen zapatuko derbiko protagonistetako bat. Gazte mailako lehen urtea du Iturbek, baina beterano baten maila eta patxada erakutsi zituen zapatuan. Penalti bat gelditu zuen 1-2koarekin eta neurri handi batean berari esker eraman zituen Antzuolak hiru puntuak. Partidua txarra izan zen eta bisitariak hobeto moldatu ziren lokaztutako berdegunean. Presaka, antolaketa barik jardun zuten mahoneroek. Manu Diaz etxekoen entrenatzaileak lehen itzuleraren amaieran taldearen benetako aukerak ikusiko zirela esan zuen aspaldi; denboraldiko lehen partidua galdu zuten zapatuan baina lidergoari eusten diote. Hala ere, zapatuan baino hobeto jokatu beharko dute bigarren itzuleran igoera eskuratu ahal izateko.

Zapatuan bezain serio eta kementsu jokatuko balu beti, Antzuola gorago legoke sailkapenean. 30. minutuan aurreratu ziren markagailuan Auritzek egindako golari esker. Zubikaraik erdiratu, Godoyren errematea eta Sotoren geldiketa bikaina. hantxe zegoen Auritz Guridi urrunketa jaso eta baloia sareetara bidaltzeko.

Guridiren bigarrena

Hortik aurrera antzuolarrek eroso jokatu zuten, sendo atzean eta noizean behin, kontraerasoan, arriskua sortuz. Guridik eta Zubikaraik partidu ona egin zuten zelai erdian. Mahoneroek, epailearen erabakiei gehiegizko arreta eskaini zioten, baloia askotan bidean ahaztuz. Nafarreteren burukada bat gutxigatik gora joan zen 72. minutuan eta handik bi minutura Martin Ibañezek banakoa egin zuen. Agirreren jaurtiketa bikain urrundu zuen Iturbek eta marra ondoan zegoela gola egin zuen Ibañezek.
Hala ere, etxekoen pozak ez zuen asko iraun. Defentsaren despiste bat aprobetxatuta, Guridik, bakar-bakarrik 1-2koa egin zuen area txikitik. Gazte bat lagunekin ziharduen mugikor bidez harmailetan: "Bigarrena ointxe... Irabazten... Kontaukostau gero...". Bergarak penalti eztabaidagarri bat izan zuen alde baina Martinezen jaurtiketa hankekin urrundu zuen Iturbek.
Presaka eta ordenarik gabe berdinketaren bila jo zuten etxekoek, baina emaitzarik gabe. Hiru puntuak, aurten ere Antzuolara.

Hamaikakoak

Bergara > Soto, Nafarrete, Garitano (Agirrezabal, 67. min), Oregi (Mujika, 73), Urteaga, Agirre, Loiola, Balzategi (Ibañez, 53), Otero (Alzola, 53), Crespo (Martinez, 53) eta Cabanillas.

Antzuola > Iturbe, Asensio (Iparragirre, 46), Mendizabal, Franco, Iturbe (Idiakez, 81), Azkarate, Guridi (Jimenez, 87), Agirre, Zubikarai (Arbulu, 86), Carlos Ortiz  (Idiakez, 52) eta Godoy.

Bestelakoak > 350 ikusle inguru Agorrosinen. Hotza. Antzuolatik jende dezente etorri zen derbira. Ocampos epaileak sei txartel hori atera zizkien etxekoei: Nafarreteri, Agirreri, Balzategiri, Oterori, Crespori eta Agirrezabali. Bisitarien partetik Asensiok, Guridik, Zubikaraik eta Godoyk ikusi zuten txartela. Godoyri bigarrena eta gorria atera zion luzapenean. Antzuolarrek ondo ospatu zuten garaipena amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak