Antzibar enpresari esleitu dizkiote kanpoko igerilekuko lanak

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko abe. 5a, 14:29
Lanok 2.521.000 eurotan atera zituzten enkantera, eta esandako enpresari 1.688.992 eurotan esleitu dizkiote –%33 merkeago. Enpresa hori da orain arte Agorrosin Ekintza Guneko lanak egin dituen bera, futbol zelaia izan ezik.

Udalak Agorrosin Ekintza Guneko kanpoko zelaian umeendako egin nahi duen igerilekurako lehiaketa gonbidapen bidez egin da. Hain justu, zazpi enpresari egin zitzaien gonbita eta Antzibar eta beste lau aurkeztu ziren lehiaketara: Goitu (2.085.926), Artzamendi (1.963.155), Egaralur (1.932.345) eta Amenabar (1.891.059).

Sukia eta Mariezkurrena enpresak, berriz, ez ziren lehiaketara aurkeztu, gonbita egin zitzaien arren.

Lanak, hastear

Kanpoko igerilekua eraikitzeko lanak urtarrilaren 7an hasiko dira, eta, Martin Etxeberria Kirol zinegotziaren esanetan, "maiatzaren 29a eman du enpresak bukaera data gisa, eguraldia ez bada askorik okertzen, behintzat. Izan ere, lanen lehen faserako, batik bat hondeatze lanetarako, garrantzitsua da oso eguraldi txarrik ez egitea". Irekiera datari dagokionez, uztailaren 1ean irekiko dutela aurreratu du Udaleko ordezkariak. Lanen zuzendaria izango da –baita proiektuaren egilea ere– Alvaro Lopez de Amezaga.

Horrekin guztiarekin, kanpoan igerilekua izango dute umeek udan jolas egin ahal izateko. Berdeguneari dagokionez, ez da espaziorik galduko, futbol zelai alderantz hainbat metro zelai irabaziko direlako.

Aldagelak, lehiaketara

Futbol taldeendako aldagela berriak egiteko lanak ere laster aterako dituzte lehiaketara: "Urtea bukatu aurretik atera nahiko genituzke", azaldu du Martin Etxeberria zinegotziak.  Bestalde, gehitu du lan horiek ere gonbidapen bidez aterako dituzte enkantera eta kanpoko igerilekuko lanekin batera egin nahiko lituzketela.

Aldagelok aurrefabrikatuak izango dira eta bi solairu izango dituzte. Kokapenari dagokionez, Agorrosin futbol zelaiko harmailen ondoren jarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak