Antxon Sasiain atxilotu zuen atzo Guardia Zibilak

Usoa Agirre 2007ko urr. 17a, 13:55
Antxon Sasiain bergararra atzo, martitzena, 7:30ean atxilotu zuten bere etxean, Askatasunak ohar baten bidez adierazi duenez. Kalez jantzitako Guardia Zibilek burutu zuten atxiloketa eta Martuteneko espetxera eraman zuten Entzutegi Gorenak ezarritako bost urteko espetxe zigorra bete dezan. Askatasunaren arabera, Martutenetik bere amari deitu ziotenean jakin zuten bere ingurukoek atxilotua zegoela.

2002an Frantziako poliziak atxilotu zuen eta han gaizkile taldeko kide izateaz akusaturik bete zuen espetxe zigorra. Zigorra beteta, 2005ean estraditatu zuten Espainiara eta Entzutegi Nazionalean epaitua izan zen Arakako Guardia Zibilaren aurkako erasoan parte hartzeaz akusaturik. Kontu horretaz absolbitua izan zen eta aske gelditu zen 2006ko abenduaren 21ean.

Fiskaltzaren errekurtsoa

Fiskaltzak errekurtsoa jarri zuen Entzutegi Gorenean absolbitu zuen epai horren aurka eta Entzutegi Gorenak errekurtsoa aintzat hartuta bost urterako espetxe zigorra ezarri zion, kolaborazio delitua leporatuta. Epaia konstituzio epaitegian errekurritu du defentsak, baina bitartean bost urteko espetxe zigorra betetzeko atxilotu zuen atzo, martitzena, Guardia Zibilak. Aurrez kontu horrengatik 14 hilabete espetxean egon denez, hiru urte eta 10 hilabete falta zaizkio zigorra betetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak