Antero Daniel Apaolaza Urretxun jaio zen 1845ean, baina 1869an, Madrilen Farmazia ikasketak egin ostean, Bergarako Bidekurutzeta kalean botika jarri zuen. Ordutik, 1908an Antzuolan hil zen arte, Debagoiena izan zuen bizileku. Are gehiago, haren seme Ignazio Apaolaza Oñatin mediku izan zen hainbat urtetan.
Bitxikeria moduan, 1881eko uztailean Bergarako alkate izendatu zuten, baina Elortzak eta beste ikertzaileek jakin ezin izan dituzten arrazoiengatik, urte bereko irailean kargua utzi eta Antzuolara alde egin zuen. Han beste botika bat jarri eta idazteari ekin ziola uste du Elortzak. "Patxiko Txerren" liburuaren egilea izan zen Apaolaza, Antonio Truebaren liburu bat itzuli eta moldatu ostean.